
63 bat urte inguruan bildu dituen
zinemari lotutako karatula, kartel, biografia, argazki eta beste hainbat bitxikeri jarri ditu ikusgai Kepa Bedialaunetak Karmeldarren komentuan. Bere arrebek hasitako lanagaz jarraituz millaka karatula eta milla kartel inguru dauzka gordeta eta horien guztien erakusgarri bat ikusteko aukera egongo da hilabetez.
Gaur bertan, 18:00 etan, hasiko da erakusketa Jose Julian Vaquedano eta Don Benito Ansolaren hitzaldiagaz, eta uztailaren 13ra arte egongo da zabalik. Astelehenetik barikura 18:00etatik 20:00etara izango dute zinemazaleek erakusketa bisitatzeko aukera, eta zapatu domeketan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Genero guztiak
Ondarroako Bide Onera eta Alameda zineetan lortutako kartel eta karatulak ikus daitezke besteak beste Kepa Bedialaunetaren erakusketan. «Gure kalean, Kalandin, inprenta bi zeuden eta bertan inprimatzen zituzten karatulen atzeko azalpenak», azaldu du Bedialaunetak.
10 bat urtegaz hasi zen bilduma osatzen, eta gazte zenean, soldaduzkara joan beharragatik esate baterako, bilduma nahiko geldituta izan zuen, baina, zinema aldizkariak ateratzen hasi zirenean jarraitu egin zuen bilketagaz. 1933ko karatulak, Espainiako pelikulenak, ditu zaharrenak eta hortik aurrera, millaka. Pelikula Ingeles, frantsez eta AEBko karatula eta kartelak ere baditu.
Generoari dagokionez, denetarik aurkitu daiteke erakusketan: western, melodrama, drama, erromatarrenak… Alfred Hichcock-en atala eta zinemako aktoreen panelak ere badagoz. Baita Oscarra eraman duten pelikulenak eta Kirk Douglas eta Michael Douglasi eskainitakoa ere. «Omenaldi moduan prestatu diot bera da eta zinema munduan gehien daraman bizirik dagoen aktorea. Abenduaren 9an 98 urte egingo ditu», azaldu du Bedialaunetak.
«Daukadan guztiagaz Markina-Xemeingo frontoia papereztatu egingo nuke, frontisa, ezkerreko horma bai eta atzeko errebotea ere», dio.