
Beste ganadu azoka batzuekin bat egin eta beste urteetan baino jende gutxiago egon zen arren, animali bikainak aurkitu zitezkeen sokan lotuta. Galartza industrigunean batu ziren abeltzainak euren animaliekin.
63 buru ganadu eta 61 asto, zaldi eta poni egon ziren aukeran, bai eta ardi eta ahuntz loteak ere. Aulestia, Ezkutasolo, Zelaieta, Ibaun-erdi, Beide, Adorrixa, Azarlotza, Bentazarra, eta Ibarluze baserrietako eta Altzibar auzoko behi, txahal eta zaldiak egon ziren besteak beste azokan. Bai eta hegazti eta oiloak ere.
Bestalde, gazta eta ogi eta gozoen postuak ere izan zuten lekua. Bai eta Etxebarrian bertan egindako sagardoak ere. Azoka guneko tabernak ere harrera ona eduki zuen. Asko izan ziren bertan eskaintzen zituzten saiheski, hegal eta txorizoa jan zituztenak.