Lea Artibai Ikastetxeak enplegu eta prestakuntza azoka antolatuko du Markina-Xemeinen eguaztenean
“Lan Azoka” izena duen ekimen horretan, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat enpresa eta erakundek parte hartuko dute.
Goizeko 9:00etan hasiko da, Lanbide Heziketako ikasleen diploma banaketagaz, Esperantza eraikinean, Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariaren eta Maite Bengoa Lanbide Heziketako zuzendariaren eskutik.
10:00etan Lan Azokako ateak zabalduko dituzte eraikin nagusiko kanpusean. Enpresa bakoitzak stand bat izango du. Bertan kurrikulumak jasoko dituzte eta behar izan ezkero elkarrizketak egingo lirateke, enpresen premien arabera profil jakin bat behar dutenerako kurrikulum hauetaz baliatzeko.
Lan bila dabilen pertsonei zuzenduta
Lan Azokaren helburu nagusia langabetuak, lanean dihardutenak eta ikasleak enpresa eta erakundeekin harremanetan jartzea da. “Lea Artibai Ikastetxeak bere inguruko enpresekin duen harreman estutik jaiotako ekimen irekia da; lan bila dabilen edozein pertsonarentzat zuzenduta”, azaldu dute ikastetxekoek.
Cikautxo, EIKA, Nemak, ALFA Idei, ALFA Mimtech, Berotz-Gorriko, FAGOR Arrasate, Fundación Novia Salcedo, Lanbide, Azaro Fundazioa eta Lea Artibaiko Garapen Agentzia bertaratuko direla ziurtatu dute.