
Barikuan, maila guztietako ikasleek Ikusgarri aretoan eskaini zituzten dantza eta kanta emanaldiekin hasita, oroitzapen, emozio eta alaitasunez betetako hiru egun igaro ditu R.M. Azkue ikastolako familia handiak. Zapatuan euskal dantzen ikuskizunaren ondoren argazki erraldoia atera zuten urteurreneko Brankaz logoagaz, eta hantxe argi geratu zen jai jendetsua izango zela.
Gogo eta ilusio guztiak batuta sortu den Brankaz Band taldearen estreinako emanaldia ailegatu zen zapatu arratsaldean. Ikasle ohi, guraso eta irakaslez osatutako elektrotxarangak, dantzan jarri zituen udaletxe aurrean, Konpainiako elizaren aurrean, limoneroetan eta zineko plazan bildutako guztiak. Abesti ezagunen bertsioak eta zelan ez, Peru Aranburu eta Tokik egindako urteurreneko kantua jo zuten, momentu hunkigarriak sortuaz. Emozioz betetako unea izan zen baita Itsas Soinukoen kantaldia. Ikastolatik sortutako abesbatzak hiru kanta eskaini zituen bertan batutakoei malkoak ere ateraz.
Bazkari erraldoia
Kirol jolasak eta pintxo lehiaketak hartu zuten plaza ingurua domeka goizean, bai eta 650 laguneko bazkari erraldoiak ere. Ikastolako sortzaile, guraso, ume eta herritarrek hartu zuten parte lagunarteko jatorduan. Arratsaldean, berriz, plaza bete zuten dantzan eta umore onean.
Ikastolako parte izan diren guztiak batzeko parada eman du urteurren jaiak eta oraindik ere ikastolaren parte direla sentitu dute. Barandiaran aretoan osatu duten erakusketak ere hori erakutsi du. Erakusketa guneko hormetan aurkitu dute euren burua belaunaldi guztietako herritarrek. Hormetan ageri diren aspaldiko proiektuen argazkiek eta martxan hasi berri diren berriek ikastolaren lehena, oraina eta etorkizuna irudikatzen dituzte.
ARGAZKI GALERIA [nggallery ID=168]