Eguenean eta barikuan izango dira, 10:00etatik 14:00etara, Iturriotz Institutuan. Hezkidetza, Elikadura burujabetza, euskara, feminismoa eta LOMCE izango dituzte gai besteak beste.
Orain dela bi ikasturte Lekeitioko BHI institutuko ikasle talde bat Lekeition ikasleek bizi zuten errealitateaz erreparatzen hasi zen. “Ikasleen kolektiboa ez zegoen inondik inora ere antolatuta eta ikasleok ez geneukan kolektibitate honekiko batere kontzientziaziorik”, azaldu dute. Gainera, ikasle guztiei eragiten zien gaiei aurre egiteko, ikastola eta eskolako ikasleen artean ez zegoela ezelako harremanik azaldu dute. Egoera horren aurrean martxan jarri zen ikasle taldea.
Horrela, ikasturte honen hasieran ikasle asanblada bat sortu zuten ikasleen arazoez jabetu eta aurre egiteko, baina ikasturte honetan LOMCE legearen gaiari kolpe diote batez ere. “Gure arazo argi eta berehalakoena baita momentu honetan”, diote.
Ikasturtea amaitzeko, bestalde, Herri Eskolak antolatzea erabaki dute, institutuko ikasle guztien artean zer landu erabaki ostean. Eskolak antolatzeko irakasleen lagunza ezinbestekoa izan dutela azpimarratu dute ikasleek. Bestalde, ordea, zuzendaritzaren jarrera kritikatu dute Herri Eskolak “ostopatzen” saiatu direla esanez.
Herri Eskolen EGITARAUA
Eguena, ekainak 19
- 10:00etan. Aurkezpen bideoa gimnasioan.
- 10:20an. Hezkidetza tailerra jolastokian eta Elikadura burujabetza hitzaldia Ikus entzunezko gelan.
- 12:40an. Dokumentala, Chile se moviliza.
- Amaitzeko, argazki erraldoia.
Barikua, ekainak 20
- 10:00etan. Aurkezpen bideoa: Story of Stuff.
- 10:30ean. LOMCE desobeditu hitzaldia Ikus entzunezko gelan, tailer feminista liburutegian eta Euskara Lekitton hitzaldia gimnasioan.
- 12:40an. Dokumentala, La doctrina del shock.