Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia mutrikuarren kezkak eta proiektuak berta-bertatik ezagutzeko herrian izango da etzi.
Herritarrekin herrira deritzon ekimenaren barruan, Garitano Foru Aldundiko beste ordezkari batzuek lagunduta, Mutrikun egongo da egun osoko bisitan. «Herriko ordezkari politikoekin eta herri eragileekin bilduko da mutrikuarren proiektuak eta kezkak gertutik ezagutzeko asmoz», agertu dute Gipuzkoako Aldunditik. «Etzi
herriko gorabeheren berri hurbiletik izan,
herritarrek dituzten kezkak jaso, eta
herria nola dagoen ikusteko aukera izango du ahaldun nagusiak eta berarekin etorriko den taldeak. Batez ere Gipuzkoako Aldundia Mutrikun egiten ari den lana zertan datzan hurbilagotik ikusteko aukera izango du. Horrez gain, herritarren aldetik zer eskakizun eta behar dauden ere, ikusteko eta entzuteko aukera edukiko du», gaineratu du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak.
Eguenekoa ez da Martin Garitano ahaldun nagusia Mutrikun egon den lehen aldia izango. Hain zuzen ere,
aurretik beste bi aldiz ere herrian egona da. «Legealdi hasieran Mutrikun egon zen, eta aurtengo urte hasierako itsas ekaitzak sortutako kalteak, berta-bertatik ikusten aritu zen udaleko ordezkari batzuokin», azaldu du Palenzuelak.