Hiru lagun atxilotu dituzte Markina-Xemeingo baserri batean lapurretan egitea egotzita

Markina-Xemein Ondarroako ertzain-etxeko agenteek hiru pertsona atxilotu zituzten atzo arratsaldean (ekainak 17), Markina-Xemeingo baserri batean sorgailu elektriko bat lapurtzea egotzita. Ertzaintzak jakitera eman duenez, atzo arratsaldeko zazpi eta erdiak inguruan pertsona batek dei egin zien, baserri baten inguruan auto bat ikusi zuelako eta barruan zihoazenak ez zirelako inguru horretakoak. “Gertaeraren berri eman zuenak bere ibilgailua sarrerako bidean jarri zuen, Ertzaintzaren patruila iritsi arte delitugileek ihes egin ez zezaten”, azaldu dute. Agenteak bertaratu zirenean, hiru susmagarriak identifikatu zituzten, eta Segurtasun Sailetik zehaztu dutenez, guztiek zituzten etxebizitzen aurkako delitu-aurrekariak. Baserria aztertu eta  sorgailu elektriko bat falta zela argitu du Ertzaintzak. Ondoren, inguruko sastraken artean aurkitu zuten sorgailua. Gertakarion ondorioz, agenteek lapurrak atxilotu zituzten, ondarearen aurkako delitu bana egitea leporatuta. Atxilotuak, 24, 27 eta 32 urteko hiru gizonezko, polizia-etxera eraman zituzten. Han, Ertzaintzak antzeko kasuei dagozkien eginbeharrak bete zituen.