
Curriculuma eskuan asko izan dira egitasmoan parte hartu duten enpresengana lan bila jo dutenak. Langabezian daudenak batzuk, lehenengo lan bila beste batzuk eta beste aukera baten bila dabiltzanak ere egon dira azoka zabaldu den momentutik sortu diren hilara luzeetan. Guztiek, Lea Artibai Ikastetxeak eskainitako aukera aprobetxatu nahi izan dute “ea aukera bat sortzen den” probatzeko.
Dozena bat enpresa eta erakundek parte hartu dute Lea-Artibain lehenengoz egin den Lan Azokan, bertokoak asko. Bertan egon dira esate baterako, Berriatuko Cikautxo, Ondarroako Berotz-Gorriko, Etxebarriko EIKA, Nemak, eta FAGOR Arrasate kooperatibak, Azaro Fundazioa, Lanbide, eta Lea Artibaiko Garapen Agentzia .
Hasiera bateko balorazio ona egin du Lea Artibai Ikastetxeak. “Jende asko etorri da eta gehienbat gainera bertokoak dira”, azpimarratu du Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariak.