LOMCE legeari ezetza emateko sinadura bilketa egingo dute aulestiarrek, zapatuan

LOMCE legearen aurka Ondarroako ikasleek egindako protesta bat

LOMCE legearen aurka Ondarroako ikasleek egindako protesta bat

LOMCE legearen kontra daudela erakusteko, eta berori beteko ez dutela adierazteko hainbat ekintza egingo dituzte Aulestiko eskola komunitateko kideek, aste honetan zein hurrengoan. Lea Artibai hezkuntza taldearen barruan, herrietako eskola komunitateak bildu, eta LOMCE legearen kontrako ekimenak egin dituzte. Bultzatzaileek esan dutenez, gainera, horretan jarraituko dute aurrerantzean ere. Alde horretatik, Espainiako gobernuak ezarri nahi duen hezkuntza lege berriaren kontrako pare bat ekintza egingo dituzte, asteburuan, Aulestin. Barikuan, 12:15ean, LOMCEren aurkako herri argazkia aterako dute eskolan. Irakasle, ikasle eta gurasoez gain, aulestiarrei ere  bertaratzeko dei egin diete, herri modura LOMCEren inposaketari ezezkoa emateko. Eskolako jaia ere egingo dute, eta aldarrikapenerako ez ezik, festarako ere aprobetxatuko dute eguna. Sinadurak biltzen Era berean, biharamunean udalerriko jaiak direla aprobetxatuta sinadura bilketa egingo dute, Aulestin. Paella txapelketan jende asko elkartuko denez, sinadurak batzen ibiliko dira goizetik eguerdira arte. Herritarren partetik ahalik eta babes handiena lortzea da asmoa. Bestalde, datorren astean Aulestiko Udaletxean LOMCEren kontrako mozioa aurkeztuko dute. Halaber, San Juan bezperan ere ekintza sinbolikoa bat egingo dute, hezkuntza lege berriaren inposaketa salatu, eta haren kontrako jarrera erakusteko.