Illarramendirentzako, bihotzez eta esker onez
Mutriku FTko Gorengo eta Lurraldeko lehen mailako futbolariek zelaian pasilloa egin, eta Txemi Galarraga kazetariak Real Madrileko jokalariaren aurkezpena egin ostean, Illarramendik zelaira salto egin zuen.
Jokalari ospetsuak txikia zenetik gaur egunera arte edukitako ibilbidea azpimarratu eta gero, Galarragak Mutriku FTko idazkari Begoña Anakaberi eman zion hitza. Eta harek, egindako danagatik eskerrak emateko, bertsoa eskaini zion Illarramendiri, barru-barrutik.
Bertsoa adi-adi entzun eta gero, futbol taldeko lehendakari Jon Naberanek oroigarria eman zion Illarramendiri.
Bazkaria, San Juanen
Jarraian Mutriku FTko Gorengo eta Lurraldeko lehen mailako jokalariek lagunarteko partidua jokatu zuten eta horretan, ohorezko sakea egin zuen Illarramendik. 2-0 emaitzarekin, Gorengo mailakoek irabazi zuten partidua.
San Juanen bazkaldu zuten Mutriku FTko Gorengo mailako, lurraldeko lehen mailako eta gazteen taldeko jokalariek, taldeko ordezkariek eta Illarramendik.
Amaitzeko, Illarramendik Mutriku FTko aurtengo sariak eman zituen. Eta bide beretik, Burumendi gazteen mailako taldea mailaz igo dela eta, jokalari bakoitzari domina bana eman zion jokalari profesionalak.
Ekitaldia xumea eta hunkigarria izan zela esan zuten Mutriku FTko ordezkariek. «Illarramendiri Mutriku FTren alde egindako denagatik eskerrak emateko ekitaldia zen, eta azkenean berak amaitu zuen eskerrak ematen».
Oro har, ekitaldia Illarrarentzako izan zen. Hori bai, bihotzez eta esker onez.
Ilarramendiri eskainitako bertsoa: Doinua: Itsasoari begira (Benito Lertxundi)
Hamabi urtekin Realera utzita herri kuttuna. Donostia aldean zuk egin duzu lana benetan txukuna. Madril aldera joaterakoan erakutsi umiltasuna. Errege Kopa eta Champions League demasa da egin duzuna! Eskerrik asko bihotz bihotzez zara gure txapelduna