Martin Garitanok mutrikuarren premiak bertatik bertara ezagutu ditu
https://www.youtube.com/watch?v=9UBKadN7HCg Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Mutriku bisitatzen egon da gaur [ekainak 19] Herritarrekin herrira deritzon ekimenaren barruan. Berarekin batera, Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria, Agurne Barruso ahaldun nagusiaren kabinete-burua, Txelo Perez Gipuzkoako Ezinduen eta Desgaituen Laguntzarako zuzendaria eta Peio Gascon Lurralde Antolaketa zuzendaria, Mutriku bertatik bertara ezagutu dute.
Alkatearen esanetan aldundiaren laguntzari esker hainbat lan aurrera ateratzea posible izan da11:00etan, udal langile eta teknikariekin bilera egin dute udaletxeko batzar aretoan. Udaletxeko kontu orokorrei buruz aritu dira bertan. Udal ordezkariek Gipuzkoako Aldundiak Mutrikuri eman dioten laguntasuna eskertu dute. “Euren laguntzari esker, posible izan dira hainbat lan aurrera ateratzea. Horrez gain, enplegua sustatzeko emandako laguntzari esker udalean beste bi langile ditugu” nabarmendu du Joseba Palenzuela alkateak. Batzartu ostean, Mutrikuko txokoak ezagutzera joan dira. Garitano eta bere taldeak Mutrikuko Udaleko hainbat ordezkari izan dituzte ondoan herrian zehar egin duten osteran. Herria erakusten Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea, Joaquin Larrañaga euskara zinegotzia, Arrate Uranga alkateorde eta politika sozialeko burua eta Joxean Agirregomezkorta Mutrikuko udal gobernazioburua lagun izan dituzte. Lehenengo geldialdia Samikollan egin dute. Han, lur jausia egon zen etxea bisitatzera joan dira. Etxea eta inguruak konpontzen ari dira, eta lur jausiak etxebizitza eraikinari egindako kalteen konponketa lanak ikuskatu dituzte aldundikoek. Peio Gascon Lurralde Antolaketa zuzendaria oso interesatua agertu da lanak nola doazen ikusita.
Merkatu plazan Garitano eta berarekin etorritako taldea baserritarrekin berbetan egon diraHandik, Merkatu plazara joan dira. Udala Merkatu plaza erabilera anitzeko gune izateko espazio estalia bihurtzeko berrizten ari da, eta lanak zelan doazen erakutsi diete Garitano eta harekin joan den taldeari. Taldeak, saltzaileekin zuzenean egoteko, eta bertoko salgaiak hurbiltzetik ikusi eta dastatzeko aukera izan dute. Hantxe, ahaldun nagusi izendatu ostean, bisitatu zuen lehen herria Mutriku izan zela nabarmendu du. “Hemen egotea niretzat oso berezia da. Nire lehen bisita hona egin nuelako. Orduz geroztik, harreman oso ona dugu Mutrikuko Udalarekin. Alkate ona duzue Mutrikun. Asko etortzen da aldundira eskatzera, eta hori da alkate baten betebeharra. Guk lagundu ahal dugu, baina iniziatiba bertatik herritik sortu behar da”, azaldu du Garitanok. Hiru bat urte pasa dira ahaldun nagusiak Mutriku lehenengoz bisitatu zuena. Urte horietan Mutrikuko udalbatzak harreman zuzena izaten jarraitu du aldundiarekin. Behin Merkatu plazan egon ostean, Alde Zaharrean suteei buruz hitz egiten aritu dira. Alkateak ur partzuergoarekin harremanetan ari direla azaldu die aldunditik etorri diren ordezkariei. Mutrikuko Udalari oso garrantzitsua iruditzen saio herrian suak itzaltzeko tresnak eskura izatea. Herritar batzuek gai horri buruz dituzten kezkak azaldu dizkiete geroago.
Atxukaleri eskainitako abestia kantatzen aritu dira denak AtxukalenHandik, Atxukalera joan dira. Bertan, zapatuan inauguratu zuten horma-irudia ikusten aritu dira. Ezkerreko horman Atxukaleri eskainitako kantuaren partitura zatia dago margoztua, eta han aritu dira, denak kantari. Atxukaletik itsasoa eta inguru ederrak ikuskatu ostean, komentua ikustera joan dira. Behin komentu aurrean, inguruko lurra nola lortu zuten, eta harrez geroztik udala zer egiten ari den azaldu diete udal ordezkariek aldundikoei. Komentuaren inguruetan, azken hileotan, egin dituzten berrikuntzak asko izan direla agertu du alkateak; tartean, aparkalekuak. Horrez gain, eraikinarekin berarekin zer egin aztertzen daudela nabarmendu du Palenzuelak. Komentutik eskaileretan gora Mikel Deuna egoitzarantz abiatu dira denak. Han, egoitzan eguneko zentroa egokitzea posible den edo ez aztertzen aritu dira. Txelo Perez Gizarte Departamentuko zuzendariak: “Mutrikuk eguneko zentro bat behar duela”, argi utzi du. Egoitzako ardunadunak instalazioak erakutsi dizkiete.
Errementeriako auzotarrak pozik agertu dira kalea berriztatuko dietelakoBehin Mikel Deuna egoitza bisitatu ostean, Errementariako zonaldea ikuskatzera joan dira guztiak batera. Bidean, herri guneko kale malkartsuak zelakoak diren berta-bertatik ikusi dituzte aldundiko ordezkariek. Errementerian bertan, berau txukuntzeko lanak datorren astean hasiko direla nabarmendu du Joseba Palenzuela alkateak. Bertako auzotarretako bat, Eli Guimerans, taldera hurbildu da, eta erabakiarekin guztiz ados eta pozik agertu da. “Oso gune degradatua bihurtzen ari zen. Arratoiak ere egoten ziren bertan. Eta berau txukunduta, auzoak asko irabaziko duela uste dugu”, nabarmendu du Guimeransek. Hurrengo egunotan, beraz, makinak sartu, frontoiko atzealdean dagoen pareta bota, eta udaletxerantz zuzenean eramaten duten bidea egiten hasiko dira. Handik, bazkaltzera joan dira denak. Bazkalostean, lurralde garapen taldeekin batu dira udaletxean. Handik, Astigarrabia auzoan dagoen Mutriku-Sasiola errepidea ikustera joango dira, eta azkenik, herri bilera egingo dute 19:00etan Zabiel Kultur Etxean. Zabielen herritarrek eruren zalantzak eta kexak adierazteko tartea edukiko dute. Bertan herriaren radiografia antzerako bat ateratzeko aukera izango du Garitanok eta bere taldeak. “Udalaren aldetik informazio asko jasotzen dugu, baina sarritan nahi izaten da bertara joan eta bertako arazoak bertatik ezagutzea. Sensibilidade gehiago hartzen duzu. Ez gatoz ezer eskaini edo ematera, ez gara Olentzero. Hiritarren lehentasunak eta premiak zeintzuk diren jakiteko, entzutera gatoz. Gero, horri guztiari, erantzun ahal izateko. Guretzako oso garrantzitsua da zuzenean herritarrekin egotea. Haiek behar dutena entzuten saiatzen gara, eta ostean, horien inguruan ahal duguna egiten”, azaldu du Garitanok. Argazki galeria [nggallery ID=169]




