Jaurlaritzako Segurtasun sailak abisu horia ezarri du, prezipitazio handiengatik

EURIA Gaur [ekainak 20] arratsaldetik domekara arte abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako Zuzendaritzak. Prezipitazio handiengatik ezarri dute abisu horia, 15:00etatik 00:00etara. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako “zenbait lekutan ordubetean metro karratuko 15 litro baino gehiago pilatzeko probabilitatea handia” da. Era berean, arratsaldean eta gauean zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botatzeko “probabilitatea handia” dela ere gogorarazi dute. Azkenik, txingorra egiteko eta haize-bolada handiak edo oso handiak izateko “probabilitatea txikia” dela azpimarratu dute. Biharko [ekainak 21] ere abisu horia ezarriko dute, 00:00etatik 06:00etara. “Goizaldean zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botatzeko probabilitatea handia” dela esan dute. Zenbait lekutan ordubetean metro karratuko 15 litro baino gehiago pilatzeko, txingorra egiteko eta haize-bolada  handiak edo oso handiak izateko probabilitatea txikia dela gogorarazi dute. 12:00etatik 22:00etara, ostera, zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botatzeko probabilitatea handia da. Era berean, ordubetean, metro karratuko 15 litro baino gehiago pilatzeko, txingorra egiteko eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izateko probabilitatea txikia dela aurrikusi dute. Domekan, ostera, 15:00etatik 24:00etara ezarri dute abisu horia. Arratsaldean eta gauean zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botatzeko probabilitatea handia izango da. Horrez gain, ordubetean metro karratuko 15 litro baino gehiago pilatzeko, txingorra egiteko eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izateko probabilitatea txikia izango da.