
Bertan,
Mutrikuko Merkatarien Elkarteak, “garai berrietara moldatzeko” helburuari jarraituz
web orrialde berria ireki du,
“Online gaude” lelopean. Web guneak elkartearen inguruko informazioa eskaintzeaz gain, elkarteko kide diren zenbait komertzio, jatetxe, taberna nahiz zerbitzuetako profesionalen inguruko gunea izango du. “Web orrialde honen helburua mutrikuarrengandik hurbil egotea da, eta kanpotik etorri daitezken bisitariei herriaren inguruko informazioa zabaltzea”, azaldu dute Bertanetik.
Nahiz eta egun Bertan elkartean 49 elkartekide izan,
hasiera batetan 30 bat komertzio inguruk osatuko dute webguneko atal hau. “Ia hiru hilabetetako lana izan da eta elkartekide guztien informazioa jaso, diseinu erakargarria egitea eta dena koordinatzea zaila izan da, hala ere denbora gutxian elkartekide guztien inguruko datuak betetzea espero dugu”, gehitu du Inhar Mutiozabal, Bertan elkarteko estrategia eta diseinu arduradunak.
Elkarteko arduradunek
webgune dinamiko bat egitea dute helburu, eta horretarako,elkartekide eta elkartearen informazioaz gain, albiste eta ekintzen atala ere gehitu diote guneari. “Ez dugu webgune erabat informatiboa nahi, mugimendua sortzea nahi dugu eta herrian erreferentzia gunea izatea” gehitu du Inhar Mutiozabalek.