Eusko Legebiltzarrak Ibon Iparragirre aske uzteko eskatu du
Eusko Legebiltzarrak, Ibon Iparragirre «berehala» aske uzteko eskatu zion atzo Espainiako Espetxe Zuzendaritzari. Euskal presoa oso larri dagoela kontuan hartuta, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen premiazko prozedura erabilita, eta EAJren babesari esker egin zuen aurrera Giza Eskubideen Batzordean. Iparragirre aske uztea edo, bestela, espetxe arinduan jartzea galdegin zion atzo Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkariak, eta legebiltzarrari «pertsona guztiei, bai eta preso daudenei ere, dagozkien giza eskubideen defentsarekiko zalantzarik gabeko konpromisoa» agertzeko eskatu zion. Iparragirreren muturreko osasun egoeraz ohartarazi zuen Arzuagak.
Jeltzaleek egitasmoa babestu zuten, eta «salbuespen egoerak» bertan behera uzteko eta legea betetzeko eskatu zuten. Maribel Vaquerok, EAJko ordezkariak, legea «betez» gero Iparragirrek aske beharko lukeela gogoratu zuen. PSE bozketan abstenitu egin zen, eta PPk aurka bozkatu zuen. UPDko ordezkariak ez zuen eztabaidan parte hartu.
Eusko Legebiltzarrean gaia eztabaidatzen ari ziren bitartean, 60 bat herritarrek, Iparra Galdu Baik plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten legebiltzarraren aurrean.