Ekitaldi berezia antolatu du estreinako Potxuak Martxan taldeak:
Sexu askatasun jaia. Aldarrikapena jai giroan herrian zehar zabaltzeko, karroza kalejira egingo dute zapatuan.
Eskolapean elkartzeko deialdia egin du Lekeitioko emakume taldeak. «Aldarrikapenagaz bat egiten duten herritarrak, nahi duten moduan jantzi, eta jaian parte hartzera animatu nahi ditugu», azpimarratu dute.
Lehenengo geldialdia Eskolapean eginda, jaian parte hartzen duten guztiak, kalejiran joango dira herrian zehar karroza bategaz lagunduta. Plazarako bidea egingo dute lehenengo eta gero porturantz abiatuko dira.
20:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua, eta
20:30etatik 22:30era ibiliko dira kalerik kale. «Mari Talako pintura taldeak lagundu digu karroza prestatzen eta Funky taldeak ere ikuskizuna eskainiko du», aurreratu dute. Musika eta dantzarako giroa ez dela faltako azpimarratu dute antolatzaileek. «Sexu askatasuna aldarrikatzea guztion ardura da eta jai giroan egin nahi izan dugu», adierazi dute Potxuak Martxaneko kideek.