
Frantziako Bois D’Arcy espetxean dauden lau euskal preso politikoek, Andoni Lariz ziortza-bolibartarra tartean,
euskal presoak euskal herriratzeko eskatu diote Christiane Taubira Frantziako justizia ministroari. Euskal
preso politikoek ezustean hartu zuten
Taubirak Bois D’Arcy-ra egindako bisita eta euren aldarrikapena egiteko aprobetxatu zuten.
Andoni Lariz ziortza-bolibartarrak senideei jakin eragin dionez, justizia ministroaren bisita atzo [uztailak 8] 16:00etan gertatu zen. Patioara ohi baino lehenago atera zirela esan du Larizek. Eta patioan zeudela, bat-batean,
Christiane Taubira ministroa, kazetariak aldamenean zituela, kartzelara sartzen ikusi zutela gaineratu du. Gertaera horren aurrean, lau euskal presoek
euskal presoak Euskal Herriratzeko kartela erakutsi zuten, aldarrikapena oihukatzeaz batera. Aldarrikapenak entzuteaz gain, ministroak euskal presoen kartela irakurri egin zuela jakin eragin du Larizek.
Andoni Larizegaz batera,
Aitzol Iriondo, Iurgi Garitagoitia eta Oier Oa dira Bois D’Arcy espetxean dauden
beste hiru euskal preso politikoak.
Beste alde batetik,
Frantziako Gobernuak ETAko bi preso Euskal Herrira hurbildu ditu, historian lehen aldiz. Mont Marsaneko espetxera eraman ditu, Landetara, Biriatuko mugatik 136 kilometrora.
Vocentoren informazioak dioenez, hurbildutako bi presoak Oier Ardanaz Armendariz eta Alexander Akarregi Casas dira.
Maiatzean eta ekainean hurbildu zituzten, Brian Currin Hegoafrikako bitartekariaren Nazioarteko Harreman Taldeak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bi arduradunekin Pariseko espetxe batean izandako bileraren ostean.
Azken asteetan, gainera,
beste hiru preso hurbiltzeko agindua eman du
Frantziak: Josu Urbieta, Raul Aduna eta Montxo Arkaitz Varea, Paristik Poitiersera eraman dituzte.
Mont Marsanekoa kartzela berria da, 2008ko azaroan inauguratu zuten
eta 690 presorentzako lekua du. Hasieratik, Mont Marsan
ETAren inguruko kartzela-politika kudeatzeko zentrotzat izan
du Frantziako Gobernuak.