LABek Bilbon salatuko du etzi Etxebarriko TMAko langileak jasatzen ari diren errepresioa
TMA Patxi Arakistainek Etxebarrian zuen enpresa zen, eta 2013ko apirilean Rafael Zabala Fernandezek enpresako boterea hartu zuen. Zortzi hileko greba mugagabe baten ondoren, langileak kalera bota zituzten. Enpresaren itxiera eman orduko, Rafael Zabalarekin hainbat akordio egin zituzten, langileekiko zorrak kitatzen hasteko. “PRECOn bertan ere. Zabalak ez zuen esandako ezer bete”. Langileak lau hileko zorrarekin kaleratuak izan ziren, eta FOGASAk egin zituen ordainketak. “Langile batzuek 4.000 euro ere galdu zituzten orduan”. Zabalak ez zuen ezer ordaindu orduan ere, sindikatuak jakitera eman duenez.
Enpresariek edozer egitea libre duten bitartean, langileek aldentze neurriak sufritu behar dituztela eta epaiketara joan behar dutela salatu du LAB sindikatuak
Ez hori bakarrik. Kaleratze indemnizazioak FOGASAk ordaindu zituen, 18.000 euroko mugagaz, langile batzuen indemnizazioa 60.000 eurotakoa zenean. “Rafaelek ez zuen ezer ordaindu”. Haratago joanda, langileekin amaituta zeuden pieza batzuen salmenta adostu zuen Zabalak, langileekiko zuen zorra kitatzen hasteko; sindikatuak esan duenez, ez zuen bete adostutakoa.
Horrez gain, konkurtso prozesuan, enpresak hainbat irregulartasun egin ditu –administratzaile konkurtsalak ere egiaztatzen du hori epaitegian aurkeztutako txostenean–: materialaren salmenta administratzailaren baimenik gabe, makinak desagertu dira, kapiala mugitzea administratzailearen baimenik gabe, epaile aginduak ez betetzea,… “Hori guzti hori gutxi balitz, Zabalak salaketa penalak jarri zituen hainbat langileren kontra, legalki komunikatutako manifestazio eta elkarretaratzeetan lan gatazka kalera ateratzeagatik”. Haratago joanda, bi langileren kontra kautelazko urruntze neurria eskatu zuen Zabalak. Lan gatazka kolektibo baten aurrean bi pertsonen kontrako kautelazko neurriak zentzurik ez zuela argudiatuta, Gernikako epaitegiak eskaera ukatu bazuen ere, Bizkaiko audientzia probintzialak neurria onartu du. Beraz, epaiketaren zain dauden bitartean, bi langileri –bata langileen ordezkaria izandakoa da enpresa itxi arte– 500 metroko urruntze agindua ezarri diete. “Guzti hori beraien lanpostuak eta eskubideak defendatzeagatik. Justiziak ezin ditu biktimak kriminalizatu eta errudunak babestu, nahikoa da!”.