
Euriaren beldurrez frontoi nagusira eraman behar izan dute aurten Xemeingo Gaua, hala ere ikusleek gozatzeko aukera nahiko izan dute. Urtero modura, asko izan dira Xemein Abesbatzak herriko beste hainbat talderen laguntzagaz antolatzen duen ikuskizuna galdu nahi izan ez dutenak; frontoia bete-bete egin zuten gora arte.
Bartoloren bidaiak barreak eta txalo ugari eragin zituen ikusleen artean. Herritik irten eta munduan zehar ibili zen Bartolo barruan zeremana argitzeko asmoz. Horrela, Cubatik barrena, Mexikon zehar eta Peruko bidea ere hartu zuen bere bidaia Argentinan amaitzeko. Bertan psikoanalista bat ezagutuko du eta beragaz batera itzuliko da jaietan murgilduta aurkituko duen Markina-Xemeinera. Hantxe elkartuko da berriz Maritxurekin.
Abarka taldearen antzezpenak irudikatu zuen bidaia eta
Xemein Abesbatzak,
Gaste Ahots Abesbatzak,
herriko bandak,
txalapartariek eta
Martin Alberdi pianojoleak jarri zioten doinua. Herriko
bertsolariek berriz, kontakizunean lagundu zuten, eta
Saloi Dantza Taldeak eta
Zerutxu dantza taldeak herrialde ezberdinetako folklorera hurreratu zuten ikuslea.
Doinu alai zein hunkigarriak tartekatu ziren ikuskizun borobil bat osatuz. Parte hartzaile guztiak atera ziren ikuskizunari amaiera emateko eta ikusleek sekulako txalo zaparradagaz eskertu zieten egindako lana.