
Goiko Portala jendez bete da jaien hasieran
Txupinak eztanda eginda, alaitasunez hasi dute jaia markina-xemeindarrek. Udaletxe aurrea koloreetako paper eta puxikaz bete da gaur arratsaldean, eta gora begira irrifartsu egon dira herrikoak festarako gogoz. Izango dute jairako aukerarik, domekara arte luzatuko dira-eta aurten, Karmenak.
Xemeindik kalejiran ailegatu dira Goiko Portalera trikitilariak eta kuadrillak Alarabigaz batera. Plaza bete jende izan dute zain, batzuk bizikleta eta guzti, osteko poteorako prest. Gorka Fundazuri zinegotziak egin du lehen agurra hurrengo hitza jaietako protagonistari, Alarabiri, utziz. Jaietan ondo pasatzera animatu du Fundazurik, “baina errespetuz”. Beste urte batez ere, jaien azken egunera arte markina-xemeindarrekin Karmenak ospatzen ibiliko dela esan die markina-xemeindarrei Alarabik. Bere ondoren atera dira balkoira Artibai FT-koak. Taldearen alde lan egiten dutenen lana eskertu eta Barroetara ia 200 ume joaten direla gogora ekarri dute aurtengo pregoilariek, txupinari sua emonez. Kolorez jantzi da berriz, udaletxe aurrea.

Iñigo Elosegik irabazi du Markina-Xemeingo Saria
Karmen Eguna
Bihar, jaietako egun nagusia ospatuko dute Markina-Xemeinen. Urtero modura, ez dira faltako Xemein Abesbatzak abestutako meza Karmenen, herriko agintarien aurreko aurreskua eta Bandaren kontzertua, goizean. Arratsaldean, berriz, Euskadiko Ingude-jasotze Txapelketa lehiatuko da Zelaian izango diren herri kirolen saioan.
Zazpi emakume neurtuko dira lehen aldiz jokatuko den emakumezkoen txapelketan.Gizonezkoak, bestalde, lau izango dira partaideak, tartean, Jose Lapazaran Markina-Xemeingo bizilaguna.
Gizonezkoena, Euskadiko bosgarren txapelketa izango da, eta orain arte jokatutakoetan, Lapazaranek hirutan eraman du txapela, birritan 94 jasoaldigaz eta behin 92gaz.
10 kiloko ingudeagaz ahal denik eta jasoaldi gehien egingo dute emakumeek minutu eta erdian, 18 kiloko ingudeagaz arituko dira berriz, gizonezkoak, denbora berdina erabilita.
EGITARAUA:
- 09:30. Txistularien kalejira.
- 10:30. Markina-Xemeingo bandaren kalejira.
- 11:00. Meza nagusia, Karmengo elizan. Xemein Abesbatzak abestuta (E. Mokoroaren Meza).
- 12:30. Aurreskua, Goiko Portalean.
- 13:00. Markina-Xemeingo bandaren kontzertua, Arkupe aurreko plazatxoan.
- 13:30. Markina-Xemeingo musika eskolako trikitilarien eta Alarabiren kalejira.
- 17:00. Herri kirolak, Zelaian. Euskadiko herrialde arteko zortzi kiroletako taldekako I. Txapelketa eta Euskadiko Ingude-Jasotze Txapelketa. Aurkezlea: Sarasola izango da.
- 18:00. Zesta-punta partidak, Uni frontoian.
Jai Alai Zirkuituko txapelketako finalak: Goikoetxea-Hernandez/Hormaetxea-Lopez.
- 19:30. Bertso saioa, Uhagonen.
Bertsolariak: Andoni Egaña, Nerea Elustondo, Jone Uria eta Joseba Artza.
- 22:00. Esencia de Jalisco mariatxiak Arkupe aurrean.
Argazki galeria [nggallery ID=184]