
Ondarroako Udalak herriko
Plan Orokor berriaren inguruko hastapenak aurkeztu zituzten aurreko astean. Besteak beste, azken hilabeteotan Plan Orokorra berritzeko egin dituzten azterketen berri eman zen Kofradia Zaharrean. Izan ere, indarrean dagoen Plan Orokorra 90. hamarkadakoa da, eta berau garai berrietara egokitu nahi du Ondarroako Udalak.
Plana berritzeko prozesu horretan, ezinbestekoa da herritarren partehartzea.
Ingurumena, sozioekonomia eta hirigintza kontutan hartuta sortuko da dokumentu berria; hurrengo hamarkadan herriaren garapena zehaztuz hainbat esparrutan.
Ondarroako Plan Orokor berria zertan datzan azaltzeko
Ekolur, Ondarroa 2020, Adok gabinetea eta Sabai enpresako kideak egon ziren Kofradia Zaharrean. Eurekin batera egon zen Argia Ituarte, Ondarroako alkatea, eta Ituarteak aurkezpen txiki bat egin ostean, Plan Orokorraren barruan beharrean ari diren taldeetako ordezkariek berba egin zuten.
Datu sozioekonomikoei dagokionez herritarrek beharra egiteko eta etxea bilatzeko kanpora joan beharra dutela nabarmendu zen
Lehendabizi, Adok gabineteko kidea soziourbanistikari buruz hasi zen berbetan. Biztanleriaren inguruko datuak eman zituen, eta Ondarroan biztanleria “nabarmenki” jeisten doala azpimarratu zuen. Biztanleriari buruzko datuak eman ostean, etxebizitzaren inguruko datuen berri ere eman zen. Datu guztietatik zera nabarmendu zen: azkenaldian etxe gutxi eraiki direla Ondarroan, eta 500 etxe huts badaude ere,
herritarrek kanpora joan behar dutela etxe bila. Datu horiez gain, ekonomia datuak ere eman ziren.
Ondarroan bertan ondarrutarrek ez dutela beharra topatzen esan zen; horrenbestez, askok kanpora joan behar dutela.
Era beran, maiatzean hainbat inkesta eta elkarrizketa egin ditu Ondarroan Adok gabineteak herritarrengandik hainbat datu jaso, eta herritarren kezkak eta lehentasunak identifikatzen laguntzeko. Bestalde, lehentasun modura “ekonomia bizkortzeko, biztanleria mantendu” beharra dagoela esan zuten Adokekoek.

Adok gabineteko kideak amaitzean Ekolur ingurumen aholkularitzako kidearen txanda izan zen.
Ekolurreko kideak lurraldearen karakterizazio orokorra landu eta horren barruan dauden puntuak aurkeztu zituen. Gauza interesgarri asko kontatu zituen Ekolurreko kideak; tartean, positiboak zein negatiboak. Alde negatiboei dagokionez, Ondarroako ibaiko urak «industrialdetik datozen isuriengatik» kalitate eskasa dutela edota, Errenteria eta Alleri inguruetan uholdeak egoteko arrisku handia dagoela nabarmendu zituen Ekolurreko kideak. Bestalde, puntu positibo asko ere nabarmendu ziren; kostaldeak, ibaiak eta padurak balio ekologiko handia dutela, edota bertoko fauna eta landarediari dagokionez, babestutako espezie asko daudela Ondarroan.
Ondarroan momentu honetan martxan dagoen plangintzak ia 20 urte ditu; indarrean dagoen Plan Orokorra 1997koa da
Plan Orokorraren barruan ekologiak duen garrantziari buruz berba egin ostean, Sabai enpresako arkitektu bat Ondarroako hirigintzari buruz aritu zen. Sabai enpresako kideak, momentu honetan,
Ondarroan martxan dagoen plangintza “zaharregia” zela esan zuen. Hain zuzen ere, 1997koa da martxan dagoena.
Horrez gain, esan zituen gauza guztien artean,
Ondarroak etxebizitza eta aparkaleku beharra dituela ere azpimarratu zen. Besteak beste, aparkalekuak gehitzeko San Inazio kalea norabide bakarrekoa izatea aztertzen ari direla esan zuen Sabai enpresako kideak. «Horretarako Ibaiondon zubi berri bat egitea izango litzateke soluzioetako bat», esan zuen. Etxebizitza arazoei erantzuna emateko, ostera, hainbat proposamen aurkeztu zituen; portuaren zati bat urbanizatzea, esate baterako.
Azkenik,
Ondarroa 2020ren txanda izan zen.
Ondarroa ekonomikoki suspertu nahi du taldeak, besteak beste. Horretarako, herritar guztien laguntza eta partehartzea beharrezkoa zela esan zuten Plan Orokorraren aurkezpenean. Ondarroa 2020 taldean 2012 urriaz geroztik 40 pertsona Ondarroako Plan Orokorraren inguruan beharrean ari dira.
Lau taldetan banatuta hainbat gai jorratu dituzte, eta gai horiek hobetzeko ideak ematen saiatzen da taldea. Bien bitartean, ekintzaile proiektuak nahi dira bultzatu Ondarroan, eta herritarrak Ondarroa 2020 proiektuan parte hartzera gonbidatu ziren.
Hurrengo hilabeteetan ere, aurreko astean Kofradia Zaharrean berba egindako gaien inguruan sakondu beharko dute ondarrutarrek, etorkizunean behar eta nahi duten herria edukitzeko.