
Etzi amaitzen da aldez aurretik izena emateko epea. Partehartzea 350 lagunera mugatu dute, eta dagoeneko 200 bat pertsonak eman dute izena.
Aurretik apuntatzeko Ispasterko udaletxetik pasatu edo honako kontu zenbakian 10 euro sartu behar dira: 2095 0050 30 9112120431. Diruarekin batera, partehartzailearen izen-abizenak eta kamisetaren neurria zehaztu behar dira. Izan ere, martxa amaitzean kamiseta bana emango zaie partehartzaileei.
Bestalde, egunean bertan apuntatzen direnek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta martxa hasi baino ordu erdi lehenago apuntatu beharko dira.
Hiru ibilbide aukeran
Mendi martxa egin gura dutenek hiru ibilbide dituzte aukeran: laburra, luzea eta X-tra luzea. Laburrak 12 kilometro ditu, luzeak 25 kilometro, eta luzeenak 39 kilometro. Ibilbidean zehar janari eta edari horniketa lekuak egongo dira.
Ibilbide luzeena egingo duten ibiltariak 7:45ean abiatuko dira Ispasterko plazatik. Gero, 8:30ean aterako dira ibilbide luzeko partehartzaileak. Ibilbide laburra egitera doazenentzat, berriz, 10:30ean ipini dute irteera ordua.
Eleizalden irtenda, martxan zehar Ispasterko hainbat auzo zeharkatuko dituzte, besteak beste, Larrinaga, Mendazona, Soluane, Solarte, Kurtxiaga, Artikas eta Kortazar auzoetan barrena ibiliko dira. Halaber, martxak herriko mugak gaindituko ditu, eta Lekeitioko, Gizaburuagako eta Eako lurretatik ere pasatuko da.