
Txiki eta handi, marmuek Lekeitioko kaleak hartu zituzten jaietako azken egunean. Arratsaldean prestatu zituzten izara zuriak plazan eta herritarrak beldurtzen aritu ziren mozorroaren ezkutupean.
Koittaduaren kalejira aurretik agurtu zen Antero. Berriz ere jaietako lehen eguneko ibilbidea egin zuen jaietako protagonistak, baina alderantziz. Horrela, udaletxeko balkoitik agurtu eta kanpandorre ostean ezkutatu zen datorren urtera arte.
Aittitta Makurra txarangaren doinuen laguntzagaz egin zuten gero marmuek kalejira. Gauaren iluntasuna argitu zuten kandelekin eta herrian zehar pasiatu zuten jaiak amaitzearen pena.