
Aulestiko Santa Eufemia jaiak antolatzen dituen jai batzordeko kidea da Oibar Legarra (Aulesti, 1986). Jaietan herritarren partehartzea nabarmendu du aulestiarrak.
Jaiak egun gutxi barru hasiko dira. Zeintzuk dira autengo berrikuntzak?
Urtero nagusien bolo txapelketa eta txapel jaurtiketa antolatzen ditugu, eta umeak beti begira egoten direnez, pentsatu genuen beste egun eta ordu batean haientzat ere egitea. Poniak ipini genituen eurentzako orain dela pare bat urte, baina ikusten genuen umeentzat gauza askorik ez zegoela eta horregatik aurten berrikuntza horiek sartzea erabaki dugu.
Ermita igoerak 34 urte betetzen ditu aurten. Ez da ez zenbaki makala.
Bai, adierazgarria da. Urtetik urtera partehartzea mantendu edo handitu egiten da. Iaz adibidez hogei partehartzaile izan ziren. Horietatik lau izan ziren neskak, eta nesken partehartzea ere gorantz doa. Lehenago ez zen animatzen neskarik, eta orain urtetik urtera neskak ere animatzen doaz. Halaber, bertokoez gain, atzerritarrak ere etortzen dira Ermita igoerara.
Herritik Santa Eufemia ermitara korrika igotzea ez da izango erraza.
Nahiko proba gogorra da. Beheko zelaian hasi eta goiko zelairaino igotzen dira, eta gero goiko zelaitik ermitaraino 222 eskailera igo behar dituzte. Hori oinez ere neketsua bada, pentsa korrika.
Partehartzaileek normalean zenbat denbora behar izaten dute ibilbidea egiteko?
Errekorra hiru minutu eta erdian dago, baina, normalean 4-6 minutu artean behar izaten dute partaide gehienek. Marka gainditzen duenarentzat sari berezia egoten da, eta baita herriko lehenengoarentzat ere. Halaber, partaide guztientzat kopaua egoten da.
Bestalde, Irrintzi txapelketaren 25. urteurrena da. Zenbaki borobila.
Bai, eta nabarmentzekoa da, leku askotan ez baita egiten. Gainera, Aulestiko irrintzi txapelketa nahiko famatua da, eta hemen ere partehartzea handituz doa urtetik urtera. Iaz dozena bat lagunek hartu zuten parte. Ermita igoeran ez bezala, hemen lehiakide gehienak emakumeak izaten dira; bizpairu gizonezko bakarrik izaten dira.
Halaber, Aulestiko jaietako kontzertuak ere famatuak dira.
Bai, hala da. Beti esaten digute herri txikia izateko nahiko kontzertu potenteak izaten ditugula, eta egia esan saiatzen gara jendea erakartzen. Bestela, horrelako herri txikietan ez da izaten erreza inguruko jendea etortzea.
Gainera, Gababus zerbitzuari esker jendeak joan-etorria egiteko aukera izango du.
Lea-Artibaiko herri guztietan legez Aulestin ere 19an egongo dira Gababusak. Txartelak Lea-Artibaiko udaletxe guztietan daude eskuragai, eta hilaren 19ko eguerdiko 13:00ak arte eros daitezke. Hiru euroren truke egingo dute joan-etorria. Bizkaibus-eko ohiko zerbitzua ere egono da parrandazaleenentzako. Iaz Gababus-etan jende gehien mugitu zituen jaiak Aulestikoak izan ziren; hori adierazgarria da. Orain dela bi urte Udaletik antolatu genuen autobusa eta orduan ere jende asko ibili zen.
Jai Batzordeko kide zaren heinean zer nabarmenduko zenuke?
Azpimarratzekoa da herriko jendeak zelako partehartzea duen. Aste honetan ibili gara txandak banatzen eta jai hau posible egiten da herrian jendeak turnoak egiten dituelako. 650 biztanletik gora gara, eta heren batek txanda egiten du. Aurten 220 bat herritarrek egingo dute txanda. Hori nabarmentzekoa da. Horrelako herri txiki batean ehunka lagunek txandak egitea ikaragarria da.
Elkarlana, beraz, ezinbestekoa da.
Bai, mendian egiten dugu jaia, eta egun guztian agoten dira aterpetxeko barra eta sukaldea zabalik, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara. Eta hori posible egiteko aukera bakarra herri guztia mobilizatzea da. Elkarte ezberdinen arteko elkarlanagaz egiten dira jaiak. Jai batzordea, hirugarren adinekoen elkartea, gazte asanblada eta guraso elkartea batzen gara eta denon artean osatzen dugu egitaraua.