
Carlton hoteleko sari nagusia irabazi duen ‘Lili Beltzak’ margolana
Bilboko Carlton Hotelak antolatu duen 4. Arte Lehiaketa irabazi du Nerea Unanua Otxoantesana (Markina-Xemein, 1988).
Lili beltzak izeneko margolana 74 artelanen artean aukeratu zuen epaimahaiak. Joan den barikuan hartu zuen espero gabeko saria Carlton hotelean bertan.
Lehenengo aldia da lehiaketa honetara aurkezten zarela?
Laugarren aldia da antolatzen dutela, baina ni, lehenengoz aurkeztu naiz. Salamancan (Espainia) egon naiz ikasten eta ni joan baino lehenago ez zen egiten lehiaketarik. Arte Ederretako ikaslea izan behar zara aurkezteko eta aurtengoa nire azken urtea da. Arte Ederrak ikasi ditut eta Pinturako Masterra amaitzen nabil. Irabazi dudanez, ezin izango naiz gehiago aurkeztu.
Zelan animatu zinen lehiaketan parte hartzera?
Unibertsitateko ikasleak kurtso amaieran izaten den lehiaketa horren zain egoten dira bertara aurkezteko. Gainera, koadroa bertan utzi eta ez zuen ematen lan gehiagorik, eta beraz aurkeztea erabaki nuen. Aurkeztu ginen guztien artean aukeraketa bat egin zuten eta hartu egin ninduten. Gero ailegatu da saria.
Artelana lehiaketarako egin zenuen espresuki?
Nire azkenengo lanetako bat entregatu nuen. Baneukan asmoa bertarako beste zer edo zer egiteko, baina, ez nuen izan denborarik eta horixe aurkeztu nuen. Aurkeztu nuena baino koadro hobeak ditudala esan didate batzuk, baina hura aurkeztu nuen. Orain, agian, beste bat aurkeztuko nuke.
Lehenengo aldia da lehiaketa batetara aurkezten zarela?
Beste pare bat lehiaketetara aurkeztu naiz aurten, baina ez dut ezer lortu. Bizkaian egiten den 35 urtetik beherako artisten lehiketa batetara eta Sevillako (Espainia) beste batetara aurkeztu naiz. Azken batean zorte apur bat ere behar da. Gauza bat da lana ona edo txarra izatea baina gero epaitzen dagoenari gustatzen zaionak ere zerikusia du. Bakoitzak ze estilo nahiago duen edo zer baloratzen duen kontuan hartuta gauza bat edo beste aukeratuko du.
Lili beltzak izena dauka zure lanak, zelan deskribatuko zenuke?
Lan abstrakto bat da, koloretsu-koloretsua. Epaimahaiak azaldu duenez indarra, gama kromatiko garbia eta erregistro askoren erabilera duelako aukeratu dute. Konposizio aldetik ere ondo osatuta dagoela esan dute.
Lan solte bat da ala beste batzukin batera egindakoa?
Egiten ari naizen masterra amaitzeko egin behar dudan erakusketarako lan sorta bat prestatzen nabil. Azken baten koadro batek besta koadro bat ekarten dizu. Aukeratu nuena azkenengo koadroa zen, aurreko koadro denekin ikasi nuenaren adierazgarri. Gauza berriak egiten beti aurrera dihoan prosezu bat da eta horrelaxe sortu zen koadro hori.
Zelako tamainua dauka?
Handiagoak ere baditut baina ez da txikia 1,30×1,62 neurtzen ditu. Lehiaketa batetara aurkezteko tamaina edarra izatea hobeto izaten da.
Baldintza zehatzik bete behar zenuten lehiaketara aurkezteko?
Bi dimentsiotako lana izatea besterik ez. Ezin zen izan eskultura bat. Grabatua, marrazkia edo pintura bat izan behar zen.
74 lan aurkeztu ziren lehiaketara, konpetentzia handia.
33 aukeratu zituzten ondoren eta Carlton hotelean egon ziren ikusgai Bilboko jaietan. Sariak banatu zituztenean jakin nuen neurea zela irabazlea. Guztiei deitu ziguten sari banaketara joateko esanez eta denok agertu ginen bertara. Nik erakusketa ikusi barik neukan eta hori guztia ikusi nuenean irabazlearen omenez txanpain apur bat hartu eta etxera joango nintzela pentsatu nuen. Izan ere, autoan lekua eginda joan nintzen sari banaketara koadroa etxera ekarri ahal izateko, eta bat-batean sorpresa. Zuri-zuri jarri nintzen.
Zer suposatzen du zuretzako sari hau irabazteak?
Dirua ondo dator ikasten jarraitu ahal izateko, baina batez ere motibazioa izan da. Bide horretatik ez noala txarto ikusteko eta aurrera jarraitzeko indarrak hartzeko balio izan dit batez ere. Behintzat beste urte betez margotzen jarraitzeko bidea ematen dit, gero, aurrerago, ikusiko dut zer gertatzen den.