Urte guztian lasai egoteko gune paregabea den Urregarai eta Bedartzandi mendien arteko zelaiak itxura aldatuko du guztiz irailaren 16an eta 21ean. Urtero modura,
Lekoiz gainetik edo Igotz partetik gora eta behera ibiliko da jendea Santa Eufemiri urteroko bisita egiteko. Urregaraiko zelai ederretik gora ermitarainoko 223 eskailerak igoko dituzte ume eta nagusiek, haitz gaineko ermita bitxi eta paisaia zoragarriez gozatzeko.
Erromeria, erroskillak, boloak eta giro ona ez dira faltako ez
Santa Eufemi Egunean –irailak 16–, ez eta hurrengo domekako errepikapenean ere, irailaren 21ean. Egun bietarako egitarau zabala prestatu du Aulestiko jai batzordeak. Urtero modura, gainera, taberna bi jarriko dituzte aukeran zeilaira ailegatzen direnak nahi beste asetzeko, bata aterpetxean egongo da eta bestea zelaian bertan, erromeria gunean.
Ohitura Santa Eufemi jaietara oinez igotzea bada ere, ezin dutenek autoz ailegatu ahalko dute gora. Betiko modura, lehen orduetan egongo da horretarako aukera, baina antolatzaileek jakitera eman dutenez, 11:00etan Lekoiztik Santa Eufemirako bidea itxi egingo dute.
Kontzertuak
Jai nagusia zelaian izaten bada ere, herrira ere jaitsiko da. Horrela, urteroko kontzertu handia antolatu dute herrigunean. Irailaren 19an izango da aurtengo rock jaialdia, 22:30etik aurrera. Aurten Kashbad, Zea Mays eta Mc Onak taldeek joko dute.
Lea-Artibaiko herri guztietatik Gababus zerbitzua egongo da bai jaietarako zein etxera bueltatzeko. Txartelak eskualdeko udaletxeetan erosi daitezke.
Jaietako egitaraua
Kontzertuak