
Asteburuan Andra Mari jaietan bete-betean murgilduta ibili dira Munitibarko Gerrikaitz auzoan. Hiru egunez adin eta gustu guztietako eskaintza zabala izan dute, eta jai giroaz gozatu dute udako azken jai hauetan. Bariku iluntzean herriko dantza taldearen saioa ikusten batu ziren herritarrak, eta ostean, trikitilariek alaituta parrilada egin zuten. Solomoa, sahieskia, txorizoa… tripakada ederra egin zuten.
Zapatu goiza paellak egiten eman zuten bizilagunek, zeinek paella gozoena prestatu. Nagusiek bazkaria prestatzen zuten bitartean, puzgarrietan primeran pasatu zuten umeek. Paelletan Oilogorrak koadrila nagusitu zen, bigarrenak Ramsi, Txikote & konpani izan ziren, eta hirugarren saria Trini taldearentzat izan zen.
Arratsaldean, musean ibili ziren gazte zein nagusiak; hamazortzi bikote lehiatu ziren, eta Markiña-Xemein eta Ispaster aldera joan zen sari nagusia. Halaber, Gorriti eta bere animalien ikuskizuna ikusteko ere jende asko batu zen. Gero, Lotxoren erromerian kantuan eta dantzan ibili ziren herriko eta inguruko bizilagunak.
Bestalde, domeka kultur ekitaldiz bete zuten Gerrikaitzen. Eguerdian Txatarra zirku taldearen ikuskizunagaz barre algara artean ibili ziren frontoian. Gradak leporaino bete zituzten herritarrek. Gero, arratsaldean ere irribarrea ahoan izan zuten Gerrikaitzeko txokoan Andoni Egañaren eta Alaia Martin bertso saioan. Eta nola ez, Ramon Barea eta Inazio Tolosa umorearen maisuekin ere barrez lehertu ziren
Kokakola eta Barea antzerkian, txiste, umore eta kantu-musikaz beterik.