
Domekan egin zuten Ispasterko hirugarren mendi martxa eta beste behin jendetza batu zen herri ingurutik zehar ibilaldia egiteko. 516 lagunek eman zuten izena eta antolatzaileak pozik daude, jendetza batu, eta denak giro onean ibili zirelako.
Parte hartzaileek hiru ibilbide izan zituzten aukeran: laburra, luzea eta X-tra luzea. Laburrena hamabi kilometroko martxa izan zen, luzea 25 kilometrokoa, eta luzeena, berriz, 39 kilometrokoa. Jende gehienak laburra edo luzea egin zituen, baina, luzeena egiten ere 50 bat lagun animatu ziren.
Goiztiarrenak, ibilbide luzeena egin zutenak 7:45ean irten ziren Ispasterko plazatik. Luzea egin zutenak, ostera, 8:30ean atera ziren, eta martxa laburrekoak 10:30ean ekin zieten ibilbideari.
Ispastertik auzorik auzo egin zuten bidea, eta herriko mugak gaindituz Lekeitioko, Gizaburuako eta Eako lurretatik ere pasatu ziren. Ibilbidean zehar, gainera, hiru horniketa leku izan zituzten janariekin eta edariekin. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ibilbidean inork ez zuen min larririk hartu, baina, partaide batek fibra haustura izan zuen.
Ispasterko Udalak parte hartzaileei eskerrak dizkie. “Antolakuntzak eskerrak nahi dizkie eman partehartzaile guztiei, erakutsitako jarreragatik, aginduak ondo bete eta ingurumen eta antolatzaileekin errespetagarriak izateagatik. Beti dago zer hobetu eta horretarako betetako inkestak aztertuko ditugu; kritikak eskertzekoak dira hurrengoan akats berdinak ez egiteko”.