Herritarrak Abaroa gunearen inguruko erabakiak hartzera gonbidatu ditu Lekeitioko Udalak
Hiru asanblada eta hiru ekintza eramango dituzte aurrera espazioaren antolaketa eta kudeaketa ereduak erabakitze aldera.
Asanbladak Ikusgarri Aretoan egingo dira 19:00etan, irailaren 18an eta 25ean eta urriaren 9an. Horrez gain, hiru ekintza antolatu dituzte zapatuetan “Abaroa Gunearen etorkizunaz pentsatzeko eta ideiak biltzeko”. Lehena, irailaren 20an izango da, eta Arkitektura Puzzlea deituriko ekimenak espazioak antolatzea izango du helburu. 11:30etan Independentzia enparantzan burutuko da ekimena.
Urriaren 4an berriz, Gestioa Marraztuz ekintzaren barruan, antzeko proiektuen kudeaketa ereduak ikusi eta Abaroa Gunearentzat egokia izan daitekeen kudeaketa asmatzea izango da helburua.
Azkenik urriaren 18an, Abaroa Gunean bertan jai bat antolatu nahi da.
Udalak, gonbidapenak bidaliko ditu aste honetan etxerik etxe. Gainera, atzo aurkeztu zuten abaroa gunearen bloga. Bertan proiektuaren nondik norakoak, gunearen zehaztapenak, eta parte hartzeko moduak aurkitu daitezke besteak beste.