Ur joko eta sokamuturrekin ospatu dute Piñastei eguna mutrikuarrek
https://www.youtube.com/watch?v=dm-g0eWoq2k&feature=youtu.be Ohiturei jarraituz, mahonezko arropa eta arrantzale zapia lepoan lotuta hasi dute mutrikuarrek Piñastei eguna. Goiz-goizetik, herri guztia urdinez tindatu da.
Ohiturei jarraituz, mahonezko arropa eta arrantzale zapia lepoan lotuta hasi dute mutrikuarrek Piñastei eguna. Goiz-goizetik, herri guztia urdinez tindatu da.
Bandaren doinu alaiek lagunduta, Goiko Plazatik hasi eta buruhandi eta erraldoiek mutrikuarrak moilarantz gidatu dituzte. Kalejiran gainera, Piñastei egunean ohitura bilakatu den modura, ahoan txerrikumea zuela, Piñasteiko txerria ere joan da. Behin moilan, erraldoiek eta piñastei txerriak atseden pixka bat hartu dute, baina buruhandiak hara eta hona ibili dira moilan zehar, bandako musikariak ibili diren antzera.
Kalejira moilara heldu orduko, portua eta inguruak jendez beteta zeuden. Euretariko batzuk, begiak estalita zituztela, zintzilik zeuden lurrezko eltzeak apurtu nahian ibili dira. Batzuk errezago, beste batzuk kostata, baina denek eltzeak apurtzea lortu dute. Hainbesteko lanak hartuta gero, gainera, euren saria izan dute eltze apurtzen ibili direnek. Izan ere, eltzeek barruan dirua gordeta zuten eta. Eltze apurtzea bukatu orduko, karameluak jaurti dituzte Aizabia elkarteko kideek, eta herriko umeak pozik ibili dira lurretik goxoki piloa hartzen.
Bien bitartean, Aizabia elkarteko beste kide batzuk sardina erreak prestatzen aritu dira arkupe inguruan. 11:00ak inguruan biztu dituzte parrillak, eta arrain usaina moila guztian zabaldu da. Behin sardinak prest egon direnean, Arkupea jendez bete-bete egin da Aizabiakoek prestaturiko sardina gozo askoak jateko.
Jaiak ez du etenik izan, eta moilaren beste aldean, kukañan ibili dira hainbat gaztetxo. Denetara, 13 partehartzaile izan dira aurtengo kukaña lehiaketan. Kukaña ikusten hainbeste jende batu da moilaren beste aldean, eta denak gazteak animatzen aritu dira. Zail egon da ikurrina hartzea, baina hainbat ahaleginen ondoren, Ikerrek eskuratu du kukañaren puntan ipinitako ikurrina. Mutrikuar gazteak 75 euroko saria eraman du.
Behin kukaña amaituta, jendea moilan egin den sokamuturra ikusteko tokirik onenak hartzera joan da. Era berean, gaurko jai egunean ere ez da aldarrikapenik falta. Hainbat herritarrek, euskal presoak eta iheslariak etxeratzeko eskatu dute moilan egindako elkarretaratzean.
13:00etan puntuan, bota dute udaltzainek txapligua, eta jendea ordurako bere tokietan zain egon da eguneko lehen sokamuturreko zezena noiz agertuko. 13:10ean atera da kamioitik Arno ganadutegiko lehen zezena; kolorez, beltz-beltza. Aldapa gora eta behera, hainbeste korrikaldi egin dute sokamuturrean parte hartu dute gazteek zein zezenek. Eguerdiko sokamuturra, 14:25ean amaitu da. Argazki galeria [nggallery ID=197]
