
Aspaldiko premiari erantzun gura dio Udalak proiektu honekin. Izan ere, azken ikasturteetan eskola “txiki” geratu zaie Berriatun, eta duten leku falta ikusita eskola handitzeko proiektua lantzen ari da Udala. “Maketa bat eginda dugu, eta proiektua idazten, diseinatzen dabiltza. Beraz, oraindik ez dago guztiz zehaztuta”, azaldu du Imanol Mugartegi Berriatuko alkateak.
Momentuz, ikasturte honetan gela berri bat atondu dute patio partera ematen duen aterpean. Baina, horrek ez du guztiz konpontzen duten espazio falta.
Ikasturtez ikasturte leku premia gero eta agerikoagoa da, eta behin behineko neurriak hartu bazituzten ere, eskola handitzea ezinbestekoa dela argi dute bai Udalak eta bai eskola komunitatea osatzen dutenak ere. Izan ere, espazio falta horren ondorioz, azken hiru ikasturteetan plazan barrakoiak daude behin behineko neurri moduan.
Lanak udan
Handitze lanen lehen fasea udan egin gura dute, eskolarik ez dagoen sasoian, horrela ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko. Aurretik, baina, teknikoekin berba eginda, datorren urteko Aste Santuan zimentuak jartzea eta lan batzuk aurreratzeko asmoa dauka Udalak.
Eskolaren etorkizunaren inguruan hainbat aukera aztertzen jardun dute, eskola osorik lekuz aldatzea, eskolaren zati bat beste leku batean egitea etab. Baina, aukerarik egokiena dagoen lekuan mantentzea eta handitzea dela erabaki zuten. Izan ere, herrigunean dago, eta herri txikietan bizitasuna ematen du eskola herri erdian egoteak.