Ertibil- Bizkaia erakusketa ibiltaria Lekeition egongo da irailaren 28ra arte
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailak antolatzen duen erakusketak Bizkaiko artisten sormen lana ikusteko eta bertoko jendarteaz duten ikuskera ezagutzeko aukera ematen du. Erakusketak artea bere zentzu zabalean jasotzen du: pintura, argazkilaritza, grabatua, bideoa eta eskultura.
Erakusketaz gain, Arte Garaikidera hurbiltzeko hitzaldia eta bisita gidatuak antolatu ditu Lekeitioko Udalak Aldundiagaz elkarlanean. Horrela, bi ekimen osagarri antolatu dira. Irailaren 27an, zapatuz, 12:30etan, Artearen Historian Doktorea den Ismael Manterola Ispizuaren eskutik Arte Garaikiderako sarrera hitzaldia eta bisita gidatua egingo da euskaraz. Irailaren 28an, ordu berdinean, gazteleraz izango da.
Manterola, EHUn Arte Ederren fakultatean Arte Historiaren irakaslea eta 1990tik arte kritikak egiten ditu Egunkarian, Berrian eta Garako Mugalarin.
“Bisita gidatu hauekin herritarrak hezitu nahi dira Arte Garaikidean”, adierazi du udalak.
Bisita gidatuetan izena emateko kultur etxeko bulego orokorrera joan behar da.
Erakusketaren ordutegia aste bitartean 18:00etatik 20:00etara izango da, eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.