Mutrikuko lehenengo triatloia egingo da etzi. Hain zuzen ere, Mutrikuko
Talaixa Triatloi Klubak antolaturiko triatloia sprint erakoa izango da. «Iaz Triatloi Herrikoiak izan zuen arrakasta kontutan edukita, aurten Triatloia antolatzea erabaki dugu. Mailari dagokionez, maila askotariko jendeak parte hartu zuen Triatloi Herrikoian. Aurten, bata bestearekiko hainbesteko alderik egon ez dadin, triatletek bi triatloi izango dituzte aukeran. Sprint Triatloia lehiatzera doazenentzat egokiagoa izango da», azpimarratu dute antolatzaileek.
Era berean, sprint erako triatloiaz gain, zapatuan Mutrikuko bigarren Triatloi Herrikoia ere egingo da. «Aurreko urteko jendearen erantzuna ikusirik», aurten ere bigarrenez errepikatuko dute herri triatloia Talaixakoek.
Bi probetan lehena hasten
Triatloi Herrikoia izango da. «Triatloi herrikoiak kirol hau probatzeko aukera emango die triatleta berriei», azaldu dute antolatzaileek. 14:15ean igerilekuko eskaileretan izango dute hitzordua triatletek. Triatletek
370 metro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika egin beharko dute. Uretako proba amaitu eta gero, triatletak euren bizikletak hartuta Deba alderantz abiatuko dira; Deba bidean dagoen tunel parera arteko joan-etorria bete dute txirrindulariek. Azkenik, helmugara heldu aurretik, portuan zehar 2,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute kirolariek.
Mutrikuko lehenengo Triatloia 2014. urteko Euskal Herriko triatloi zirkuiturako azken proba puntuagarria izango da
Triatloi Herrikoia bukatu eta handik gutxira hasiko da
Mutrikuko lehenengo Triatloia. Triatletek guztira,
750 metro igerian, 18,6 kilometro bizikleta gainean eta 5 kilometro egin beharko dituzte
korrikan. Mutrikuko Triatloia, gainera, 2014. urteko Euskal Herriko triatloi zirkuiturako azken proba puntuagarria izango da.
Sprint erako
Triatloian hasten lehenak emakumeak izango dira;
15:30ean uretara salto egingo dute igerileku paretik.
Gizonezkoak zertxobait beranduago hasiko dira,
15:45ean. Mutrikuko portuko uretan hiru builaz mugatuta egongo den 750 metroko zeharbidea egin beharko dute igeri. Lehen proba amaitu ondoren, 18,6 kilometrotako bizikleta saio gogorrari aurre egin beharko diote triatletek. Moilan bizikletak hartu eta Debarantz joango dira. Mutrikura bueltan, Galbaixo igo eta jaitsi beharko dute. Amaitzeko, 5 kilometroko oinezko saioa bete beharko dute triatletek Mutrikuko portu eta kale inguruetan.
Bestalde, oraindik izena eman ez duenak, bariku egun osoa izango du bi probetan parte hartzeko. Antolatzaileek gogoratu dutenez, 15 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute batean zein bestean, «beti ere baimenarekin». Triatloi Herrikoian zein Sprint Triatloian
www.triatloi.org webgunean eman ahal izango da izena.
Dorsalei dagokionez, bihar Mutrikuko hondartza ondoko kantinan jaso ahal izan dira, 11:00etatik aurrera. «Dorsalak proba hasi baino ordu erdi arinago arte banatzen ariko gara», azaldu dute antolatzaileek.