Zapatukoa «egun «polita» izan zela esan dute Artzabal Surf Elkarteko kideek. Beste behin ere, Lekeitioko surf elkarteko kideek surfa gertutik ezagutzeko aukera eman ziete herritarrei eta haiek «ondo» erantzun zuten.

Eguna goi-gotik ospatzeko hainbat ekintzan zituzten antolatuta Artzabal elkarteko kideek.
«Eguraldi ona egin bazuen ere, itsasoa bare-bare zegoen, inoiz baino bareago», azaldu dute elkarteko kideek. Horrela, surfa egoki praktikatzeko olaturik ez zela egon egun osoan gaineratu dute. «100 umek parte hartu zuten doako ikastaroan eta ondo pasatu zuten hondar gainean ariketak egiten. Olatu txikiren bat edo agertu zenean ere, aprobetxatu zuten».
Umeak, gustura
20 pertsonako taldeak egin zituzten eta zazpi begirale aritu ziren umeei surfa nola praktikatu irakasten. «Talde bakoitzarekin 30 minutu egin genituen».

Orokorrean, umeek ondo pasatu zutela esan dute. «Ostean parrillada egin genuen eta 100 plater baino gehiago banatu genituen».
Ostean zaparrada hasi zela azaldu dute Artzabal elkartekoek. «Dena jaso eta olaturik ez zegoenez, ezin izan genuen surf txapelketarik ere egin».
Dena dela, giro polita egon zela azpimarratu dute. «Umeek oso ondo pasatu zuten».
Esker onak
Bide beretik, Artzabal elkartekoek eskerrak eman nahi izan dizkiete egun hori posible egiten lagundu dietenei. «Batetik egunean bertan Karraspiora gerturatu ziren haur eta gurasoei eskerrak eman nahi dizkiegu. Eta nola ez, baita ere Mendexako eta Lekeitioko udalei, Dzingua kirol ekintzei eta Kaialde elkarteari, beste behin ere Artzabal Surf Eguna posible egitearren».