Lekeitioko Euskal Zine Bilera omenduko dute Donostiako Zinemaldian
37 urtetan euskararen normalizazioaren alde zineman egindako lanagatik aitortza egingo dio Kontseiluak. Gaur, Donostiako Zinemaldiaren baitan, Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren sari-banaketa ekitaldian egingo diote aitortza. Donostiako Kutxa Andia aretoan izango da ekitaldia, 18:00etan.
Euskal Zine Bilerako bi kide egongo dira ekitaldian: Xabier Arrate, Lekeitioko Udaleko Euskara Zinegotzia eta Joseba Zuberogoitia. Beraiek aurkeztuko dute estreinako, 37. Euskal Zine Bilerako spota.
Euskal Zine Bilerak eskerrak eman ditu aitortzagatik. “EZB euskara hutsez egiten den zinemaldi bakarra da. Euskaraz eta euskaratik egiten den kulturak, sortzen jarraitu ahal izateko arnasguneak behar ditu ezinbestean. Lasai eta eroso proposamenak egiteko espazioak. Euskal Zine Bilerak euskal zinemaren arnasgune izaten jarraitzea nahi dugu eta aurrerantzean ere hauspo bera ematen jarraitzeko hautua egiten dugu”, adierazi dute.