
Zapatuan Mutrikun egin zen
I. Sprint Triatloian inguruko triatletarik onenak batu ziren.
2014. urteko Euskal Herriko triatloi zirkuiturako azken proba puntuagarrian lehen postuetan ibiltzea ez zen lan erraza izan. Nesken kasuan,
1.11.47 segundoko denborarekin “nahiko erraz” irabazi zuen
Estefania Gomez Villanuevak, baina, mutilen kasuan lehen hirurak “ia elkarrekin” sartu ziren helmugan. Izan ere, lehen hiru sailkatuak segundo gutxiko aldearekin sailkatu ziren. Azkenean,
Mikel Mugika Bikuñak maila onean dagoela erakutsi eta Mutrikuko txapela etxeratu zuen
1.01.37 segundoko denborarekin.
Probari dagokionez,
antolatzaileak euria noiz egingo zuenaren beldur ibili ziren, baina “zorionez” proba bukaeran egin zuen euria. “Triatleta gehienak korrika ari zirela hasi zuen euria. Bestelakoan, euriak Kalbaixo jaisten harrapatu balitu, arazoak egon ahal izren. Izan ere, jaitsiera hori bizikletarekin oso azkar joanda arriskutsua gerta liteke”, adierazi dute Talaixa Triatloi Klubeko kideek. Bestelakoan, ondo joan zen Mutrikuko I. sprint triatloia. Sprint erako triatloian
aurkeztu ziren 108 lagunetatik, 93 triatleta helmugaratu ziren.
Mutrikuko
II. Herri Triatloiari dagokionez, berriz, kadete mailako
Unai Iribar Jauregi nagusitu zen.
39 minutu eta 48 segundo behar izan zituen 370 metro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrikan egiteko. Emakumezkoen kategorian, aldiz,
Helene Alberdi Sololuze onena izan zen
49 minutu eta 8 segundoko denborarekin. Parte hartu zuten
82 lagunetik 69 triatletek amaitu zuten kirol proba.
Herri Triatloiaz gain, Sprint Triatloia antolatzea ere oso erronka garrantzitsua izan da Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubeko kideentzat
Bi triatloiek izan duten erantzunarekin pozik agertu dira Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubeko kideak. “Iaz lehen Herri Triatloia egin genuen, eta aurten, bi triatloi antolatzea erabaki dugu. Herri Triatloiaz gain, Sprint Triatloia antolatzea ere oso erronka garrantzitsua izan da guretzat. Sprint triatloia zirkuituaren barneko proba izanda, gainera, nahikoa zailtasun suposatzen zuen guretzako. Oraindik erer hobetzeko gauzak ditugula jabetzen gara, baina hurrengo urtera begira horiek guztiak hobetzea espero dugu”.
Hurrengo urteari begira,
Triatloi Herrikoia antolatzen jarraitzeko borondatea nabarmendu dute Talaixa Triatloi Klubeko kideak. “Ez dugu nahi proba herrikoia alde batera lagatzea. Guretzako proba herrikoia, triatloia bultzatzeko dagoen tresnarik indartsuena da. Triatloia ezagutzen ez duten jendearentzako kirol honetara hurbiltzeko modu bat da”, adierazi dute Talaixatik.
Azkenik, bi kirol probetan laguntzaile izan zituzten guztiei eskerrak eman nahi izan die Talaixako kideek. “Gure eskerrik beroenak laguntzera etorri zen jende guztiari talde guztiaren izenean”.
MUTRIKUKO I. SPRINT TRIATLOIA. SAILKAPENA:
Mutilak
- Mikel Mugika Bikuña 1.01.37
- Pello Osoro Gutierrez 1.01.51
- Aitor Regillaga Beloki 1.01.56
- Mutrikuar onena. Joan Busque Calsina 1.13.20 (33. postua)
Neskak
- Estefania Gomez Villanueva 1.11.47
- Aintzane Argaiz Castro 1.13.26
- Ainhoa Larrañaga Jaio 1.15.57
MUTRIKUKO II. HERRI TRIATLOIA. SAILKAPENA:
Neskak
- Helene Alberdi Sololuze 0.49.08
- Marta Badiola Lainsa 0.50.28
- Ainhoa Iglesias Silva 0.52.32
- Mutrikuar onena. Maite Aizpurua Arruti 0.52.51 (4. postua)
Mutilak
- Unai Iribar Jauregi 0.39.48
- Ixaka Oñederra Iñurrategi 0.41.50
- Unai Huizi Oroz 0.43.20
- Mutrikuar onena. Jokin Lopez Elosegi 0.45.43 (12. postua)