Ondarroako Zubi Harresian parte hartzeagatik bost lagun epaituko dituzte bihar Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegian. Egoera hori salatu eta bost herritarrei babesa emateko domekan elkarretaratzea egin zen Ondarroako Alamedan,
Gu ere bertan egon ginen. Zubi harresiari epaiketarik ez lemapean.

Eguaztenean epaituko dituzten bost lagunen aurka egindako “akusazioak erretiratu eta epaiketa bertan behera uzteko” eskatu zuten Alamedan batutako guztiek. Era berean,
barikuan Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin zen modura, domekan Ondarroako Alamedan egindako elkarretaratzean “epaiketaren arduradun politikoak seinalatu” nahi izan ziren. “Ondarroako zubi harresian, herri oso baten argazkia ikusi genuen, herri oso bat “aski da!” esaten. Atxiloketekin bukatzeko garaia dela esaten konpromisoz konponbidearen alde lerratutako herri oso bat. Argazki horren aurreran eragile askok egokitu behar izan zuten ordura arteko posizioa. Baita EAJk ere. EAJk eta zehazki Ertzaintzaren arduradun nagusia den Estefania Beltran de Herediak gobernu ardurak, Madrileko aginduak bete beharra eta Ertzaintzaren izaera integrala aitzaki, kolpeka buruturiko atxiloketa ekidinezian izan zela justifikatu nahi izan zuten”, salatu zuten.
Horrez gain,
eguaztenean, 09:30ean, Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean, bost epaituei babesa emateko egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu nahi izan zituzten herritarrak.
2 urteko espetxe zigor eskaera
“Akusazio gogorrak” egozten zaizkie eguaztenean epaituko dituzten bost herritarrei. “Agintaritzaren aurkako atentatua burutu izana” leporatzen zaie horietariko lauri; 2 urtetako espetxe zigorra eta kargu publikorako gaitasungabetzea eskatzen zaie. Bosgarren bati, ostera, “ordena publikoaren aurkako falta” egozten zaio.
Eguazteneko epaiketaren oinarria “Ertzaintzak egindako akusazio larriak” direla ere salatu nahi izan zen domekako agerraldian. «Ertzaintza eta bere arduradun politikoak ez dira Madriletik heldutako agindu injustu baina bete beharrekoak betetzera mugatu. Eguaztenean izango den epaiketa euren ekinbide eta borondate propioaren ondorioa da. Disidentzia eskubidearen aurkako eta salbuespen politiken aldeko ekimen errepresiboak dira», gaineratu zuten.
Eguazteneko epaiketaren oinarria “Ertzaintzak egindako akusazio larriak” direla ere salatu nahi izan zen domekako agerraldian; eguaztenean elkarretaratzea egingo dute Bilboko auzitegiaren aurrean, akusatuei babesa erakuste aldera
Epaituko dituzten bost lagunek, orain arte, 8.850 euro ordaindu dituzte isunetan “kolpatu omen zituzten poliziei eragindako kalteak” ordaintzeko. “Zubi Harresian parte hartu genuen lagunetatik inork ez zuen inongo poliziarik eraso. Aldiz, Ertzaintzaren kolpe eta biraoak jasan behar izan genituen. Egun hartako irudiak lekuko ezin argigarriagoak dira”, nabarmendu nahi izan zuten domekako agerraldian.