
Zapatuan bertoko produktuen azokan herriko eta inguruko bizilagun asko batu ziren. Dozena bat erakusmahaitan askotariko produktuak ipini zituzten salgai. Idiazabal eta ahuntz gaztak, baserriko ogia eta pastela, patea, euskal jantziak, esku lanak, barazki ekologikoak, arrain kontserbak… eskaintza zabala izan zuten azokako bisitariek. Goizeko 10:00etan zabaldu, eta bazkalordurarte herritar asko hurreratu zen. Produktu gehienak Lea Artibaikoak izan ziren; besteak beste, Ispaster, Lekeitio, Munitibar, Berriatua eta Markiña-Xemeingo ekoizleenak. Gainera, aurreko bi ekitaldietan legez, Lekeitioko hamabi andrak ehoziriak egin zituzten.
Bestalde, Gure Esku Dagok Eskoziako erreferenduma bebestuz eta euskal herritarron erabakitzeko eskubidearen alde antolatutako Garagardo Festa arrakastatsua izan zen. Hamar bat garagardo mota dastatzeko aukera egon zen. Gainera, garagardoari laguntzeko, falda eta solomo parrilan erreta jan zituzten.
Bestalde, herriko frontoiko esku pilota jaialdian ere jende asko batu zuten. Lehenengo umeen partida jokatu zuten. Ostean, nagusien binakako partida jokatu zuten Mikel Goñik eta Arkotxak Uriona eta Uriondoren kontra.