Emakumeen eta gizonen berdintasunerako I. Plana osatuko du Markina-Xemeingo Udalak
Urriaren 1ean eta 7an plana osatzeko lan saioak egingo dira Uhagon Kulturgunean. Berdintasun plana “parte hartzailea eta herritarrek osatutakoa” izatea dela helburua azpimarratu du udalak.
Uda aurretik diagnostikoa osatu zuten, eta lehenengo zirriborroa prest dauka udalak. “Orain herritarrek diagnostikoari ekarpenak egiteko aukera daukate”, azaldu dute.
Diagnostikoaren laburpena eta txostena herritarren eskura jarriko dituzte, eta hiru eratara lortu ahalko da: Alde batetik, herriko dendetan eta tabernetan eskuragarri jarriko dute. Beste alde batetik, diagnostikoaren txosten osoa udalaren web orrian edo udaletxeko harreran eskatu ahalko da. Azkenik, eta berrikuntza moduan, eskuorrietan eta karteletan agertzen den QR kodearen bitartez txostena mugikorrera jaisteko aukera egongo da.
Plana osatzeko bi saioetara etortzerik ez dutenak edo saio osoan egoteko aukerarik ez dutenak ere “ondo etorriak” izango direla jakitera eman du udalak, “denon ekarpenak beharrezkoak dira-eta”. Gainera, zaintza zerbitzua eskainiko dute, beraz, “umeak ere ondo etorriak izango dira”.
Planaren txostenaren lehen zirriborroa osatu ostean, ekarpenak egiteko aukera egongo da. Udalak azaroko edo abenduko Osoko Bilkuran plana onartzea du helburu.