Ibon Iparragirre Burgoa preso politikoaren inguruko
erabakirik hartu gabe jarraitzen du
Jose Luis de Castro Antonio Espainiako Auzitegi Nazionaleko kartzela zaintzarako epaileak. Epaileak eskatutako proba eta informe guztiak eskuan, De Castroren idazkariak horrela esanda,
irailaren 8tik aurrera erantzun bat jasoko zutela esan zieten preso ondarrutarraren senitartekoei.
Orduz geroztik,
bi aste baino gehiago pasa dira, eta oraindik ez dute inolako erantzunik jaso. Horrenbestez, ez dakite euren senideari 100.2 artikulua aplikatuko dioten ala ez.
Egoera gehiegi luzatzen ari denez, aurreko barikuan kartzelan semeagaz bisita zuela aprobetxatuta, Ibon Iparragirreren amak Espetxe Zaintzako bulegoan bertan agertzea erabaki zuen, atzerapenaren zergatia jakitera.
Iparragirreren amari epailea oso lanpetuta zegoela eta, ezingo zutela atentidu esan zioten epailearen bulegoan bertan
Jose Luis de Castroren idazkariak epailea «oso lanpetuta» zegoela eta, ezin izango zuela atenditu esan zion Angelita Burgoari, Ibon Iparragirreren amari. Horrenbestez, datuak hartu, eta erabakiren bat zutenean, deituko ziotela esan zioten Ibon Iparragirreren amari. «Orduz geroztik egunak pasa dira, baina ez dugu telefono deirik jaso. Erabaki baten zain jarraitzen dugu», adierazi du presoaren amak.

Jose Luis de Castro epaileagaz hitzordua eskatu zuenetik egunak igaro dira, eta
epailegaz batzartzeko asmo irmoagaz jarraitzen du Iparragirreren amak. Madrilera bidaiatu, eta bihar bertan [irailak 24] De Castro epailearen bulegoan agertzeko asmoa du Burgoak. «Aurrekoan, epaileak bere beharretik irten arte egoteko, ez nuen zain egoteko nahikoa denbora izan. Izan ere, semeagaz bisita nuen kartzelan. Gaur, ordea, beragaz zuzenean egoteko asmoa dut. Lanpetuta badabil ere, bere beharrak amaitzeko zain egongo naiz, eta bukatutakoan bere bulegoan hartuko nauela uste dut. Berarekin egoterik badut, ea zer erantzun ematen didan», nabarmendu du Iparragirreren amak.
Makalik jarraitzen du ondarrutarrak; momentu honetan, gainontzeko presoekin batera erizaintza moduluan dago
Iparragirreren osasun egoerari dagokionez, makalik jarraitzen du ondarrutarrak. «Azken bi asteotan
tripako minez eta beherako apurragaz dago, eta ez da hobetzen. Aurreko barikuan izan genuen bisitan ez genuen txarto ikusi; koherente dabil aspaldian». Iparragirrek Navarcarneroko (Madrid, Espainia) kartzelako erizaintza moduluan jarraitzen du, gainontzeko presoekin batera. Hala ere, aurretik, arratsaldeetan erizaintza moduluko gainontzeko presoengandik 30 egun bakartuta pasa ditu preso politiko ondarrutarrak.

Ondarroan, ostera,
Ibon Iparragirreren aldeko elkartasun kanpainagaz jarraitzen du Iparra Galdu Baik plataformak. Iparragirreren lagunek, senideek eta herritarrek osatutako plataformak zapatuero Alamedan elkarretaratzeak egiten jarraituko du.
Elkarretaratze horiez gain,
urriaren 4rako, Navalcarnerora (Madrid, Espainia) bigarren elkartasun martxa bat antolatu du plataformak. Maiatzean egin modura, Ibon Iparragirreri elkartasuna adierazi eta haren berehalako askatasuna eskatuko dute kartzela kanpoan. Dagoeneko,
autobus zerrendak irekita daude, eta nahi duenak
izena emateko aukera izango du
irailaren 30a baino lehen. Bi aukera daude izena emateko: alde batetik, Ondarroako
Anaitasuna eta Kulixka tabernetan, eta, bestetik,
iparragaldubaik2@gmail.com helbide elektronikora idatzita.