70 urtean Gipuzkoan jokatu ostean, 2015-2016an Bizkaian ariko da Ondarroako Aurrera
2015-2016 denboralditik aurrera Ondarroako Aurrerak Bizkaiko ligan ariko dela iragarri du.
Abuztuaren amaieran egindako ez-ohiko batzarrean, Aurrerako bazkideek eta zuzendaritza taldeak Bizkaiko Federazioari bertan jokatzeko eskaria egitea aho batez onartu zuten. Aurreraren eskari hori kontutan hartuta, Bizkaiko Futbol Federakuntzak Aurrerak egindako proposamena onartzea erabaki du. Horrenbestez, Aurrerak Gipuzkoako ligan jokatuko duen azken denboraldia izango da aurtengoa.
Normalizaziorako bidea
Ondarroako futbol klubarentzako Bizkaiko Futbol Federakuntzak hartutako erabakia «pozgarria» da. «Gure egoera erabat normalizatuko luke. Orain arte, egoera nahiko irregularra eduki dugu eta. Bizkaiko talde bat garenez, Foru Aldundietatik ez genuen inongo diru laguntzarik jasotzen. Normaltasun baten barruan sartuko gara, eta gure lurralde historikoan jokatzeko aukera izango dugu», argitu du Eladino Gonzalez Aurrerako lehendakariak.
Lurralde batetik bestera aldatzeak, ordea, aldaketa gutxi eragingo ditu praktikan. Hau da, talde ondarrutarrak aurkari gipuzkoarrak izan beharrean, bizkaitarrak izango ditu hurrengo urtetik aurrera. Horrez gain, Gipuzkoan denboraldia amaitzen duten maila antzekoan ipiniko dituzte hurrengo urtean.
Bizkaiko ligan jokatu behar zutela pentsatzen orain lau urte inguru hasi ziren Aurrerakoak. «Talde bizkaitar batek gipuzkoako ligan jokatzeko eskubiderik ez zuela esan zuen kazetari batek, eta orduz geroztik, herri askotako zelaietan ez gaituzte ondo hartu. Alde horretatik, pixka bat minduta eta deseroso ere sentitu gara. Horrez gain, orain lau bat urte, Gipuzkoako ligatik txikien mailan jokatzen zeudenak bota egin zituzten, eta horrek ere Gipuzkoa uzteko garaian bere pisua izan du».
Beti-betitik jokatu izan du Aurrerak Gipuzkoako ligan, eta Aurrerakoek «penagaz» utziko dute. «70 urte eta gero, Gipuzkoako liga uzteak pena ematen digu. Hori dela eta, ibilbide guzti honetan laguntzaile izan ditugun federazioko denei eskerrak eman nahi dizkiegu. Beti ondo hartu izan gaituzte», gaineratu du Gonzalezek.