
Dena prest dago Arretxinagan jaiei hasiera emateko. Asteburu asko eman ditu jai batzordeak antolaketa lanetan; agertokia eta taberna biak muntatu dituzte, eta sukaldea ere atonduta dago. Lanak ez du amaierarik izango jai batzordekoentzat hurrengo lau egunetan ere, dena dela, urtero modura,
Xemeingo jai nagusiak «giro eder eta herrikoian» gozatu eta gozatu arazteko azken tantatxoa ere jarriko dute antolatzaileek.
Gaur gauean hasiko dira sanmigelak rock kontzertuagaz. Azken urteetan kontzertuen gauak indar handia hartu du eta asko izaten dira Arretxinagako plaza betetzen duten gazteak. Oraingoan,
Heriotza Bizi Truk, 2 Bala, Mc Onac eta Gose taldeek jarriko diote giroa gauari, eta guztiak doan ikusteko aukera egongo da. Heriotza Bizi Truk taldearen estreinaldia izango da gainera gaurkoa; Markina-Xemeingo taldeak, lehenengoz joko du publiko zabalaren aurrean. Bestalde, 2 Bala taldeak CD berria aurkeztuko du Arretxinagan.
Adin guztientzat
Bete-betea izango da asteburua. Adin guztientzako aukera egoteko, pila bat ekintza antolatu ditu-eta, aurten ere, Arretxinagako Jai Batzordeak. Dagoeneko batzuk ohitura bihurtu dira, azken eguneko antzerkia besteak beste. Tartean Teatroa konpainiako Patxo Telleria eta Mikel Martinez Arretxinagako aspaldiko lagunak igoko dira berriz ere taula gainera, oraingoan,
Desentxufatuak antzezlanagaz.
Bestalde, azken urteetan egin ez den
Mus eta Briska Txapelketa berreskuratu dute, baina ostera, aurten ez da herri kirolik egongo. Horren ordez, lehen
kantu txapelketa egingo da, eta batez ere herriko zein inguruetako jendeak parte hartuko duela aurreratu dute antolatzaileek.
Ohitura zaharrek, umeentzako jolas eta ikuskizunek eta kirolak ere izango dute tartea jaietan. Adin guztiaentzako bilgune izango dira, esate baterako, domekan egingo den
Euskaraz bizi nahi dut herri lasterketa eta zapatu goizeko bizikleta martxak.
Arretxinagakoak BTT martxa antolatu dute urtero, nagusiagoei begira, baina aurten, aukera zabaldu dute 7 urtetik gorakoentzat bizikleta martxa herrikoia ere prestatuz.
Guraso eta gaztetxoentzako ibilbidea herrian zehar izango da, eta 7 zein 12 kilometrotako ibilbideak egin ahalko dituzte. BTT martxako partaideak berriz, inguruko mendietan ibiliko dira, Kalamua eta Akarregin zehar besteak beste. Hiru ibilbide edukiko dituzte aukeran; 26, 35 eta 46 kilometrotakoak.
EGITARAUA:
IRAILAK 26, BARIKUA
- 22:30ean. Rock kontzertuak: Heriotza Bizi Truk, 2 Bala, McOnac eta Gose.
IRAILAK 27, ZAPATUA
- 10:00etan. Arretxinagako BTT martxa (Lea-Artibai zirkuituko 4. proba). Izen emotea 09:00etatik 09:45era. Federatuak 5 euro, federatu gabeak 10 euro.
- 11:00etan. Bizikleta martxa herrikoia 7 urtetik gorakoentzat. Izen emotea 10:00etatik 10:45era.
- 16:30ean. Artibaiko beteranoen triangeluarra Barroetako futbol zelaian: Artibai, Mutriku eta Aurrera taldeetako beteranoak neurtuko dira.
- 17:00etan. Mus eta Briska txapelketak. Izen emotea 12 euro bikoteko.
- 19:00etan. Hirurrena.
- 23:00etan. Erromeria, 3 GABE 2 taldeak eskainita.
IRAILAK 28, DOMEKA
- 12:00etan. Meza Nagusia Arretxinagako baselizan.
- Ondoren. VI. Tortilla Txapelketa.
- Eguerdia girotzeko. Acordes Navarros taldea.
- 17:00etan. Euskaraz bizi nahi dut herri-lasterketa ume, gazte eta nagusientzat.
- 18:00etan. Arretxinagako I. Kantu Txapelketa.
- 19:00etan. Hirurrena.
- 20:00etan. Erromeria, Esteibaregaz.
IRAILAK 29, ASTELEHENA, SAN MIGEL EGUNA
- 11:00etan. Meza Nagusia.
- Jarraian. Zerutxu dantza taldeak Xemeingo ezpata dantza eta Aurreskua dantzatuko ditu.
- 13:00etan. La Orquestina Molto Vivace taldea.
- 17:00etan. Egin Irri ikuskizuna, Irrien Lagunak taldeko Martin Bertso eta Largabistagaz.
- 18:00etan. Ibiritxo eta bere animaliak.
- Jarraian. Buruhandiak eta txokolatada.
- 21:00etan. Desentxufatuak antzezlana. Aktoreak: Patxo Telleria eta Mikel Martinez.
- 22:15ean. Mahai gainekoa Zerutxu dantza taldearen eskutik.
- Ostean. Jaiei amaiera emateko su eta argi ikuskizuna.