433 umek parte hartu dute Ondarroako XVI. Umeen Arrantza Lehiaketan
Giroa “paregabea” izan zela esan dute parte hartzaileek; “pozik” ibili ei ziren. Beste behin ere, Ondarroako Arrigorri itsas arrantza elkarteak antolatutako umeen arrantza lehiaketa ondo baino hobeto joan zen. 433 umek parte hartu zuten, iaz baino bat gehiago.
Zapatuan 14:00etan hasi ziren parte hartzaileak mugitzen. Ordu horretan bokatak hartu zituzten. 14:30ean kalejira atera ziren, Musika Plazatik. Herriko alde zaharra kalejiran zeharkatu eta gero, txupinak eztanda egiteaz batera, lehiaketa hasi zen. Nork bere postua hartu eta kainaberetan ondo-ondo lotutako amuak uretara jaurtitzen hasi ziren umeak. Nagusiek, aldamenean jarrita, lagundu egiten zieten.
Eta horrela ibili ziren, jaurti eta jaurti, arrantzatu eta arrantzatu, 17:30ak arte. Ordu horretan bigarren txupinak eztanda egin zuen. Horrek arrantzatzeko ordua amaitu zela iragartzen zuen. Txintxo-txintxo, nork bere harrapakinak hartu eta aurkeztu egin zituen. Arrain kontaketa hasi zen orduan.
Tarte horretan, Manex eta Maixa pailazoek ikuskizuna eskaini zuten. Arrigorri itsas arrantza elkartekoek arrain guztiak pisatu eta zenbatzen zituzten bitartean, pailazoek umeak entretenitu zituzten.
Irabazleei dagokienez, 4-8 urte bitartekoen artean Durangoko Luken Filipini 7 urteko mutila izan zen irabazlea; 60 arrain arrantzatu zituen. 9-14 urte bitartekoetan, ostera, 9 urteko Laia Arrizabalaga ondarrutarra izan zen onena, 58 arrain arrantzatuta. Arrain pisutsuenak 600 gramo pisatu zituen eta 9 urteko Sheban Ahmed ondarrutarrak arrantzatu zuen.
Sariak banatu eta gero, bi zozketa egin zituen Arrigorri itsas arrantza elkarteak. 4 urtekoen artean, nesketan eta mutiletan, lehen aldiz lehiaketan parte hartzen zutenen artean egin zen zozketa. Bada, lau urteko neska eta mutil gaztetxo bik hartu zuten oparia.
Baina gainerakoak ere ez ziren esku hutsik joan. Guztiek eduki zituzten gozokiak. Eta horrez gain, zer edo zer arrantzatu zutenek, arrantzatzeko tresneria ere jaso zuten, opari legez.
Argazki galeria [nggallery ID=209]