
Amets Txurrukak bere
hirugarren garaipen profesionala lortu du astebukaera honetan,
Gevaudan Languedoc Rousillon frantziako
txirrindulari itzulia irabazita. Caja Rural-Seguros RGA taldeko txirrindulariak
7 ordu eta 17 minutu behar izan ditu sailkapen orokorreko lehen postuan amaitzeko. “Taldeak beste behin ere ondo lan egin du. Garaipen honek izugarri poztu nau. Urtea ez da izan nahi nukeen bezalako ona, eta gutxienez garaipen batekin amaituko dut. Horrez gain,
mendiko tartean eta taldeen sailkapenean garaile suertatu da gure taldea. Dena ezin hobeto joan da”, adierazi du pozik Etxebarriko txirrindulariak.
Frantziako lurretan egiten den itzulia bi etapatan banatuta egin da.
Lehen etapari dagokionez, etapa
izugarria egin zuen Etxebarriko txirrindulariak. Etapa osoa aurretik ibili zen, baina azken 400 metroetako esprintean Thomas Degand Wanty-Groupe Gobert taldeko txirrindulariak hartu zion aurrea. Metro gutxi batzuren aldeagaz,
Txurruka bigarren izan zen lehen etapan.
Gevaudan itzuliko
bigarren eta azken etapari dagokionez, ostera,
Caja Rural-Seguros RGA taldeko hiru txirrindulari ihes eginda ibili ziren. Ihes eginda ibili ziren 11 txirrindularien artean izan zen Amets Txurruka Peio Bilbao gernika-lumotarragaz eta Angel Madrazogaz batera. Bigarren etapan, bosgarren, bederatzigarren eta hamargarren amaitu zuten Madrazok, Bilbaok eta Txurrukak, hurrenez hurren.
Sailkapen nagusiari dagokionez,
Txurrukaren bi taldekideek ere maila ona erakutsi dute Gevaudan Languedoc Rousillon frantziako txirrindulari itzulian.
Peio Bilbaok zazpigarren eta Angel Madrazok zortzigarren amaitu dute; Amets Txurrukaren markatik 32 eta 34 segundutara, hain zuzen ere.