
Saioak oso harrera ona izan zuen.
24 lagunek hartu zuten parte Markina-Xemeinen zehar egin zuten bisita gidatuan, 23 emakumek eta gizonezko 1ek;
tailerrean berriz, 22 emakumek hartu zuten parte. Lekeitioko Udalak antolatutako jabekuntza ikastaroen barruan kokatzen da bisita.
«Bisita gidatuaren helburua, historian esanguratsuak izan diren emakumeak ezagutzeko tartea eskaintzea izan da», azaldu du udalak. Bizenta Mogel euskal literaturaren baitan idatzi zuen lehen emakumea izan zen, eta beraren bizitza ezagutzera ematea nahi izan dute esate baterako.
Parte hartzaileak oso gustura geratu ziren tailerragaz, bai eta tailerra emateaz arduratu zen Yolanda Arrieta idazlea ere. «Talde polita, ederra eta ilustratua batu zen eta pozarren ibili nintzen», adierazi du Arrietak.

Yolanda Arrieta idazleak urteak darama idazketa eta sorkuntza tailerrak antolatzen, eta azken aldian, Bizenta Mogel (Azkoitia, 1782-Abando, 1854) idazlearen lana eta bizia jorratzen dabil. Gainera, Bizenta Mogel Elgezabal idazlearengan oinarritua Argiaren alaba liburua argitaratu berri du Etxebarriko idazleak.
Bizikleta mekanika tailerra
Jabekuntza ikastaroekin jarraituz, urriko saioa Bizikleta mekanika tailerra izango dela aurreratu du Lekeitioko Udalak. «Bizikletaren oinarrizko mekanika ezagutzeko tailer praktikoa izango da eta bakoitzak bere bizikleta eta etxean aurkitzen duen tresneria ekarri beharko ditu». Katalinak bizikletan kolektiboak zuzenduko du tailerra.