
Dantxarineako (Nafarroa) kantu bazkariak bertora ekartzeko helburuagaz antolatu dute kantu bazkaria herritar bik Markina-Xemeingo Udalaren laguntzagaz. Zapatuan (urriak 4) izango den kantaldi bereziak abesteko zaletasuna duten ume, gazte eta nagusiak elkartuko ditu.
13:00etan jarri dute hitzordua Kontzekupean. Angel Mariezkurrena Dantxarineako Kantu Zaharren Egunaren antolatzaile ezagunak atera duen liburua banatuko dute triki-kantu-poteoagaz hasteko. Horrela, herrian zehar kantuan ariko dira partaideak trikitilarien laguntzagaz, bazkalordura arte.
Lea Artibai ikastetxearen jantokian izango da bazkaria. Angel Mariezkurrena kultur dinamizatzaile eratsundarra izango da aurkezlea, eta eskualdeko zein Nafarroako musikariek parte hartuko dute.
Musika, jolasak eta lehiaketak uztartuko dira jaian, eta ez da ezustekorik faltako.
Beti-betiko kantu zaharrak abestuko dituzte batez ere, baina rantxeraren bat ere tartekatuko dela aurreratu dute antolatzaileek. «Bazkaltzen hasi aurretik eta plateretik platerera ere abestuko dugu», azaldu dute .
Kantu bazkarian parte hartzeko txartelak aldez aurretik erosi behar dira, 20 eurotan, eta hainbat lekutan egongo dira eskura: Markina-Xemeingo udaletxean, Iruzubin eta Uhagonen; Etxebarriko Olaia tabernan; Berriatuko Zentralean; Ondarroako Beikozinin eta Kulixka tabernetan, eta Aulestiko Ubilla aterpetxean.
Kantu liburua oparitu egingo dute.