
Zapatuan egingo dute herriko koadrilen egun handia. 10:00ak inguruan lagun talde bakoitzetik bi pertsona joan beharko dira antolatzaileengana mahaiak jartzeko eta antolatzeko. Izan ere, goizean bazkaria prestatzen ibiliko dira, eta bazkalordurako dena prest utzi beharko dute.
Jai giroz beteko dute herrigunea, eta bazkaldu aurretik trikipoteoa egingo dute. Gero, 15:00etan frontoian elkartuko dira denak batera bazkaltzeko.
Arratsaldeko 17:30ean afarien zozketa egingo dute, eta ostean bolo txapelketa. Bertan parte hartu nahi dutenentzat banakako izen emateak bi euro balio ditu, eta binaka apuntatzen direnek lau euro ordaindu beharko dituzte.
Iluntzean, bestalde, soka saltoan ibiliko dira koadrilak. Halaber, eguna amaitzeko, txapel jaurtiketan lehiatuko dira, zeinek txapela urrunago bota. Izen ematea bi euro izango dira.