
Jai handi bategaz hasiko dute Lekeition ume eta gazteen aisialdi eskaintza berria.
Zerbitzua kudeatuko duen lantalde berriak txokolate jana eta jolasak antolatu ditu zapaturako.
19:00etan, Eskolapeko Limoneroetan, herriko aisialdi zerbitzuari hasiera eman eta zerbitzua kudeatuko duen lantaldea ezagutzera emango dute.
Aisialdi zerbitzu publikoa lehiaketara aurkeztu zuen Lekeitioko Udalak, eta herriko aisialdi talde batek lortu zuen esleipena. Begiraleak aukeratzeko lan poltsa bat sortu zuten, eta Urtxintxaren kudeaketagaz begiraleen hautaketa egin zuten. Irailaren 14an osatu zen zazpi herritarrez osatutako lantaldea.
Aisialdi eredu ezberdina
Lantalde berria, asmo berriekin dator. Euren
helburua aisialdi zerbitzuen kudeaketan jauzi kualitatibo bat ematea da. «Iaz pausu bat aurrera eman zen eta hausnarketa prosezu bat egin zen herritarrek nahi zuten aisialdi eredua ezagutzeko, eta orain bigarren pauso bat emango da: aisialdia herritarrek eurak kudeatuko dute», azaldu dute aisialdi taldekoek. Hau da, herritarrek eskatu duten aisialdi eredua eskainiko dute ume eta gaztetxoen iritzia kontuan hartuta eta parte hartzea bilatuz. «Herritarrek dituzten beharrizanak jakinda, horrek txertatzen saiatuko gara geure erara eta dinamika eta ekintza ezberdinak erabilita», argitu dute.
Ume eta gazteen iritzia ezinbestekoa izango dute programazioa osatzeko. «Gazteekin batera erabakiko dugu zer egingo den; demokratikoena eta zuzenena da eurekin geratu eta asanblada bidez zer egin nahi duten erabakitzea», azaldu dute.
Aisialdian esperientzia duen taldea da Lekeitioko aisialdi zerbitzuak bultzatzen jardungo duena. «Bakoitza esperientzi ezberdinetatik dator eta ekarpen asko emango dio horrek taldeari, lantaldea aberastuko du», diote.
Zerbitzua
Aisialdi zerbitzua
hiru zatitan banatuko da, adinaren arabera. Eskolapeko Limoneroetan dagoen ludotekan 3tik 5 urtera arteko umeak egongo dira; 6 urtetik 11 urtera arteko gaztetxoak Gazteguneko beheko solairuan eta 12 urtetik gorakoak Gazteguneko lehenengo solairuan.
Ordutegiari dagokionez, ludoteka bariku eta zapatuetan egongo da 17:00etatik 20:00etara; 6 urtetatik 11 urtera artekoak, ostera, barikuan, zapatuan eta domekan elkartuko dira 17:00etatik 20:00etara, eta 12 urtetik gorakoak barikuan eta zapatuan 18:00etatik 23:00etara, eta domekan 18:00etatik 20:00etara.
Ludoteka eta Gaztegunea Lekeitioko aisialdiaren gune nagusiak izango badira ere,
zerbitzua ez dela «lau hormen artera mugatuko» esan dute. Herrian presente egoten ahaleginduko dira eta aisialdia kalera aterako dute, «eguraldiak uzten digun einean».