
Ondarroako Kamiñazpi auzoko bizilagunak alertan daude.
Frontoiaren aldamenean dagoen belardian belarra hazi-hazi eginda dagoela eta, auzotarrak kexu dira. Azkenaldian
arratoi «handiak» ikusi dituztela diote eta belarra moztea udalaren ardura denez, «lehenbailehen» moztea eskatzen dute.
Auzotarren esanetan, izatez, Ondarroako Udalak hiru hilabetetik behin moztu beharko luke belarra, «baina asko jota urtean pare bat aldiz mozten dute».
Hasiera baten, auzotarrek eurek mozten zuten belarra. Baina udalak, egiteko hori bere ardura zela argudiatuz, ez mozteko eskatu zien.
Udalak inguruko zenbait gunetan belarra moztu badute ere, frontoiaren eskubitara dagoen zatian ez du moztu. Belarra hain dago hazita ze, ubidea ere ezin dela ikusi.
Auzotarrek dotore eta txukun mantentzen dituzte inguru horretako belarguneak, besteak beste, loreak landatuz. Dena dela, frontoiaren aldameneko belarguneak «Amazonas» itxura duela diote eta udalari «behar denetan» belarra mozteko eskatzen diote.