Aurten,
txapelketak hiru fase edukiko ditu: bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala. Besteak beste, txapelketak bertsogintzaren oinarria finkatu eta garatzea duela helburu esan dute Bizkaiko Bertsozale Elkartekoek. «Hori bertsolariei bertsokeran garatzeko aukera emanez, bertsozaleak erakarriz eta berriak sortuz, eta talde teknikoa hobetu eta sendotuz bermatuko da».

Orokorrean
37 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan: 30 bertsolari hasiko dira kanporaketetako bost saioetan, eta horiei 2012ko zazpi finalista batuko zaizkie finalaurrekoetan.
Udaberrian hasi ziren Bizkaiko Txapelketan parte hartzeko sailkapen faseak, alegia, eskualdeetako txapelketak. «Eskualde bakoitzeko txapeldunak zuzenean sailkatu dira udazkeneko txapelketara, eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera sailkatu dira. Noizbait finalista izandakoak orain hasiko den kanporaketa fasean hasiko dira txapelketa jokatzen, eta 2012an finalista izan zirenak, aldiz, finalaurrekoetan», argitu dute.
Horien guztien artean daude Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hamanhiru bertsolari.
Bertoko bertsolariak
Lea-Artibaitik sei bertsolarik parte hartuko dute kanporaketetan: Eneko Arrate, Lander Ibarluzea
Aitxulua, Joseba Arza, Gorka Ostolaza
Potxis, Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia.
Horiei Iratxe Ibarra gehituko zaie finalaurrekoetan. Horrela ba, Lea-Artibaiko zazpi bertsolari ariko dira aurtengo txapelketan.
Lea-Artibaiko zazpi bertsolarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan: Eneko Arrate, Lander Ibarluzea Aitxulua, Joseba Arza, Gorka Ostolaza Potxis, Nerea Ibarzabal, Iratxe Ibarra eta Xabat Galletebeitia
Beste alde batetik, aurten,
txapelketak hainbat helburu dituela aurreratu dute bertsozale elkartekoek.
Bertsogintzaren oinarriak finkatu eta garatzeaz gain,
eskualdez eskualde egiten den lana indartu eta azaleratzea bilatzen du txapelketak. Eta bide beretik,
komunitate euskaldunari eta euskal kulturgintzari ekarpena egin nahi zaio, «euskarazko sorkuntza kalitatezkoa eta eredugarria» dela erakutsiz.
Erdal komunitateetatik datozenei bertsolaritza ezagutaraztea ere txapelketaren beste egiteko bat izango da. Eta orain arte ez modura, aurten, txapelketa jendarte anitzaren isla izateko ahalegina egingo dute: «genero, maila sozioekonomiko, adin, ideologia eta jatorri denak islatuta egongo diren txapelketa antolatzeko ahalegina egingo du elkarteak».
Oro har, denaren gainetik, Bertsozale Elkartearen lana jendarteratzea edukiko du helburu txapelketak.
Sarrerak, salgai
Sarrerei dagokienez, sarrerak erosteko bide desberdinak eskuragarri jarri ditu elkarteak. Alde batetik, webgunearen bidez erosi ahalko dira (
www.bertsosarrerak.eu). «Hor hasieratik egongo dira kanporaketetako eta finaleko sarrerak salgai, eta asteek aurrera egin ahala jarriko dira salgai finalaurrekoetakoak».
Saio guztiak ikusteko
bonoak erosteko aukera ere badago; finala ez dago bonoetan sartuta. Bonoa, aldiz, webgunean erosi ahal da bakarrik.
Saioak egiten diren egunean bertan, txarteldegian ere erosi ahal izango dira sarrerak; txarteldegiak saioa hasi baino ordu bete lehenago zabalduko dira.
Informazioa lortzeko bideak
Horrez guztiaz gain, txapelketaren nondik norakoak jakiteko edota informatuta egoteko,
Bertsozale Elkarteak informazio bide ezberdinak erabiliko ditu: webgunea, sare sozialak (Facebook eta Twitter)
eta mugikorretarako aplikazioa. Azken bide hori berria da, eta APP Store-tik deskargatu ahal dela jakin eragin dute. «Aplikazioagaz bertsozaleek esku-eskura edukiko dute txapelketako informazio guztia».
Beste
edozein zalantzatarako, elkarteak kontakturako posta elektronikoa eskuragarri jarri du:
bizkaikotxapelketa@bertsozale.com.