Asteburu honetan hasita, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako jardunaldiak egingo dituzte urrian. Aurtengoan, Bizkaia. Etxez Etxe izenburupean egingo dute egitasmoa. Hala, Bizkaiko etxeen alderdi formalak, jatorriak, bilakaera eta aldaketaren berri emateko helburua dute jardunaldiok.
Herritarren intereseko
kultura ondasunak erakusteko asmoz, 250 kultur ekitaldi inguru egingo dituzte Bizkaiko hainbat herritan. Bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak, ibilbideak eta agerraldiak egingo dituzte
60 udalerri baino gehiagotan. Udal horiez gain, hamaika museo eta 38 erakunde publikok eta pribatuk ere hartuko dute parte kultur ekimenean.
Etxeak eta biztanleak
Mota guztietako etxeak bisitatzeko aukera egongo da: baserriak, dorreak, gazteluak, jauregiak, etxe burgesak, arrantzaleen, errotarien, errementarien eta monjeen etxeak, Historiaurreko haitzuloa, erromatar eta Erdi Aroko herrixkak… Eskaintza zabala prestatu dute.
Jardunaldietan eraikin horien eta hango biztanleen arteko harremana azalduko dute lekuan lekuko adituek. Izan ere, bizilagunek baldintzatzen dituzte etxeen forma eta bilakaera, besteak beste, gizakien bizimoduaren, egitura ekonomikoaren, familiaren, harreman sozialen eta eguneroko ohituren bidez.
Bestalde, programaren osagarri moduan, erakusketa bat ipini dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko Ondare Aretoan (Maria Diaz de Aro, 11). Bertan jardunaldien elementu esanguratsuenak azaltzen dira.
Bertoko ekitaldiak
Halaber, bertoko eskualdeetan ekintza asko egingo dituzte hilabete honetan.
Lea-Artibairi dagokionez, Lekeitioko Lumentzako kobazuloak bisitatuko dituzte. Markina-Xemeinen, berriz, jauregi errenazentista eta barrokoak, pinturez apaindutako eraikin neoklasikoak edota gotiko berantiarreko etxe handi eta dotoreak bertatik bertara ikusiko dituzte.
Ondarroako Turismo bulegoko erakusketan zuri-beltzeko herria ikusiko dute herritarrek, tartean, arrantzaleak, zaldi batek bultzatutako taxi zaharra zein bainuetxeko udatiarrak. Halaber, Ziortza Bolibarren, Erdi Arotik Zenarruzako erlijioguneko etxeak bisitatuko dituzte Ana Arriagaren laguntzagaz, eta hango monje zistertarrekin berba egingo dute.
Egitaraua, herriz herri
ONDARROA
- Urriaren 1etik 31ra. Ondarroa, atzokoa eta gaurkoa argazki erakusketa Ondarroako turismo bulegoan.
- Urriak 11, 11:00. Ondarroako etxeak eta horietan bizi zirenak bisita gidatua (gazteleraz).
- Urriak 18, 17:00. Ondarroako etxeak eta horietan bizi zirenak bisita gidatua (gazteleraz).
- Urriak 26, 11:00. Ondarroako etxeak eta horietan bizi zirenak bisita gidatua (euskaraz).
- GAUTEGIZ ARTEAGA
- Urriak 5, 11:30. Ozollo: baserriak eta errotak bisita gidatua.
- Urriak 5, 17:00. Arteagako gaztelura bisita gidatua.
ZIORTZA-BOLIBAR
- Urriak 11 eta 25, 12:00. Monjeen etxea: Zenarruza bisita gidatua.
ISPASTER
- Urriak 12, 12:30. Baserri bizkaitarren sorrera hitzaldia Alberto Santanagaz.
LEKEITIO
- Urriak 16, 19:00. Lumentza, lehen etxea: Goi paleolitikoko labar pinturak hitzaldia Diego Garateren eta Joseba Riosen eskutik (euskaraz).
- Urriak 18, 12:00. Lumentza, lehen etxea: Goi paleolitikoko labar pinturak hitzaldia Diego Garatek eta Joseba Riosek (gazteleraz).
BERRIATUA
- Urriak 18, 11:00. Lekoia Bekoa baserria hitzaldia eta bisita gidatua Alberto Santanaren eskutik.
MARKINA-XEMEIN
- Urriak 18, 17:00. Etxez etxe hitzaldia eta bisita gidatua Juan Manuel Gonzalez Cembellinegaz. Eskaerarik balego, 11:00etan ere egongo litzateke bisita gidatua.